Transfeminista internazionalistak, antiinperialistak, ekosozialistak, antikapitalistak. Guztiok gara Palestina.

Tamaño Texto-+=

Martxoaren 8aren aurrean, Antikapitalistak-en Adierazpena:

Antikapitalistak bat egiten dugu hego globaleko feministek 8M eguna Palestinarekiko elkartasun eguna bihurtzearen deialdiarekin, eta, zehazki, Gazako emakumeekiko elkartasun eguna bihurtzearekin, gerra guztietan bezala, gatazkaren ondorioak modu espezifikoan pairatzen baitituzte, baina erresistentziaren adibide ere badira.

Gazan hildako pertsonen kopurua 30.000 pertsonatik hurbil dago, eta horietatik ehuneko handi bat emakumeak dira. Hala ere, ez dakigu ziur zenbat diren; izan ere, Osasun Ministerioak eta Nazio Batuen agentziek eraildako emakumeen datuak haurren kopuruarekin batera ematen bait dituzte, gerretan emakumeei agentzia nola kentzen zaien erakusten duen beste adibide bat.

Gazako emakumeak, Israelgo armadaren zuzeneko indarkeria jasateaz gain, zaurgarritasun handiagoko egoeran daude hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, patriarkatuak, mundu osoko emakumeei bezala, beren familien biziraupena zaintzeko ardura ematen die, eta zama hori ezinezkoa bihurtzen da gosete-testuinguru orokor baten aurrean. Gainera, haurdun dauden edo bularreko haurrak dituzten emakumeen kasuan, elikagaiak eta laguntza medikoa eskura ez izateak arriskuan jartzen ditu haien eta haien haurren bizitzak. Behartutako joan-etorrien ondorioz, emakumeek eta neskek ez dute komunetarako, hilekoaren higienerako produktuetarako edo ur garbirako sarbiderik, eta horrek arriskuan jartzen ditu haien osasuna eta intimitatea.

Hala ere, emakume palestinarrak, beste behin ere, erresistentzia erakusten ari dira. Askotan biktima pasiboen irudietan sailkatu nahi badira ere, hilabete hauetan erakutsi duten indarrak hautsi egiten du irudi faltsu hori. Genozidioa hasi zenetik, laguntza humanitarioa eta babeslekuak antolatzen ikusi ditugu, ospitaleetako mediku bezala, edota haien bizitzak arriskatuz lehen lerrotik informatzeen duten kazetariak.

Feminista internazionalista garen aldetik, emakume palestinarren erresistentziarako eta autodefentsarako eskubidea defendatzen dugu. Haiek beti izan dira kolonialismo israeldarraren aurkako erresistentziaren parte. Esan bezala, gerra indarkeria patriarkaletan sakontzeko bide bat da, nahiz eta, askotan, emakumeen edo LGTBIQA+ pertsonen segurtasunaren izenean gerra justifikatu nahi duen ustezko kontakizun feminista batez inguratuta egon.

Israelek LGTBIQA+ kolektiboaren eta emakumeen eskubideen bermatzaile gisa agertzeko erabili du pinkawashinga, mendebaldean mundu arabiar eta islamikoaren aurrean ulertzen den bezala. Estrategia horren bidez, Israelek Palestinako herriaren genozidioa justifikatu nahi du, palestinar guztiei ukatzen dien giza eskubideen defentsan ezkutatuz, edozein dela ere haien genero-identitatea eta sexu-orientazioa. Sexu-eskubide eta -askatasunen aldeko borroka instrumentalizatzen du, islamofobiaz baliatuz, terrorismo islamiarraren mehatxua astinduz, eta gorroto-, arrazakeria- eta xenofobia-diskurtsoak elikatuz.

Gure internazionalismoa transfeminista, antikoloniala eta arrazismoaren aurkakoa da. Feministak eta munduko queerrak ere Palestina gara: Palestinarekin elkartasun-mugimenduak eraikiz, eskuin muturra geldiarazten dugu, gure nahiak, gure identitateak eta gure gorputzak ukatzen dituzten diskurtso eta praktika arrazista eta misogino horiei aurre egiten diegu.

 Anti-inperialistak gara eta horregatik antimilitarismoaren alde egiten dugu, ez emakumeak funtsean bakezaleak garela pentsatzen dugulako, baizik eta uste dugulako armadek eta gerrek eredu kapitalista, patriarkala, ekozida eta koloniala indartzen dutela. Zibilak zigorgabetasun osoz hiltzen dituzten bitartean, enpresa eta banku handiak daude armen eta ekipamendu militarraren salmentarekin negozioa egiten. Gainera, Palestinan ikusten ari garen moduan, gerra diziplina kolonialeko mekanismo gisa erabiltzen da, ez soilik Gazako zerrendan, baita Zisjordania osoan ere, non gerraren testuinguruak kolonoek palestinarren aurka egindako krimenen zigorgabetasuna eragin duen.

Antimilitaristak gara eta tradizio feminista luze batean kokatzen gara, antimilitarismoa eta nazioarteko elkartasuna uztartzen jakin duena, baita herrien autodeterminazioaren defentsa eta autodefentsarako duten eskubide legitimoa ere. Hainbat testuingurutatik feminismo antimilitarista eraiki duten emakume-kolektibo askoren borroketan aitortzen dugu geure burua. Hari historiko hori 80ko hamarkadan indartu zen, Erresuma Batuko Greenham Common kanpamentu feministaren ereduzko borrokan. Izan ere, ehunka feminista bildu ziren ia 20 urtez, NATOri arbuioa adierazteko eta misil nuklearren instalazioa blokeatzeko.

Gure antimilitarismoa ere ekosozialista da, industria militarra industria ekozida bat delako, planeta berotu eta lurralde osoak suntsitzearen erantzulea. Baina, era berean, gure baliabideak eta bizitzak arpilatzean, ustiatzean eta bortxatzean oinarritutako ereduaren aurrean, bizitzaren defentsa erdigunean jartzen dugulako. Aurrekontu militarren aurka, zerbitzu publikoak defendatzen ditugu.

Gaur, guztiok gara Palestina. Gerraren logikak desobeditzera eta munduko estaturik militarizatuenetako bat eraikitzen lagundu duen okupazioa salatzera deitzen dugu. Israelgo gune militarra ez da soilik arriskutsua Palestinarentzat; aitzitik, armamentu-esportazioekin, zaintza-sistemekin eta segurtasun-prestakuntzekin, arrisku bihurtu da munduko herri guztientzat. Herri palestinarraren aurkako armak dira, “borrokan frogatuak”, manifestazioetan gu zapaltzeko erabiltzen dituztenak.

Palestinarrengatik, baina baita Israelgo teknologiaz militarizatutako mugetan harrapatuta daudenengatik ere, edo Israelgo militarrek entrenatutako segurtasun-sistemei aurre egin behar dieten lurraldeko defendatzaileengatik, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da feminismo internazionalista bat. Guztiok gara Palestina!

Print Friendly, PDF & Email
Share This