Zer da eta zer nahi du Antikapitalistak taldeak?

Zerk batzen gaitu?

Antikapitalistak euskal ezker alternatiboko erakunde bat da; iraultza, ekologismoa, feminismoa eta internazionalismoa dira bere oinarriak eta pertsona eta naturaren kontrako esplotazio, zapalkuntza eta dominazio era guztien kontrako borrokak bultzatzeko lan egiten du. Antikapitalistak osatzen dugun emakume eta gizonak politikoki antolatzen gara, esplotazio, alienazio eta zapalkuntzarik gabeko mundu bat eta etorkizun kolektibo berri bat eraikitzeko eta pertsona guztiek parte hartuko duten gizarte sozialista autogestionario bat eraikitzeko haustura iraultzaile baten beharra aldarrikatzeko.

Kapitalaren diktadurarik gabeko mundu bat, egungo (des)orekarekin haustura batetik jaio daiteke bakarrik. Ezin dugu ezer espero herri aberatsetan hainbat pertsonei langabezia, prekarietatea eta marginazioa ekarri eta hegoaldeko herrietan milioika pertsona gosez hil dituen sistema batengatik. Ezin dugu ilusiorik izan planetaren suntsinpenarekin mehatxatu eta ekologikoki jasanezina den sistemarekin. Bitartean, zibilizazio eredu honen krisia sakonduz doa eta militarismoa, askatasunen murrizketa eta ideologia atzerakoi eta fundamentalistak gora doaz. Bloke politiko, sozial eta kultural alternatiboa eraikitzeko hegemoniaren kontrako estrategia bultzatu behar dela uste dugu. Horretarako, gizarte mugimendu ezberdinen arteko bateratzea bultzatu behar da, erreforma ez erreformisten aldeko borroka eta aldi baterako neurrien inguruan. Hauen konkista eta sendotzeak sistema eta kapitalaren logikaren kontrako borroka beharko ditu.

Neoliberalismoaren kontrako erresistentziaren parte gara eta gizarte mugimenduetatik sor daitezkeen ikuspegi antikapitalista eta alternatiboekin bat egiten dugu. Era baterakoian lan egin behar dela uste dugu, existitzen diren sare eta mugimenduen arteko bateratzea bultzatuz eta edozein opresio era eta botere-bloke nagusiaren kontra borroka eraginkorra egiteko demokratikoki antolatuz. Proiektuak harremanetan jarri nahi ditu, sozialismoaren helburuetan tinkotasuna eta langileriaren aldarrikapenak aurrera eramateko eta gure eguneroko bizitza jasangarriagoa egiteko beharrezkoak diren aliantza sozial eta politikoak, sistema honen hausturaren etorkizuna ez ahaztuz..

Borroka zahar batekin jarraitu!

Antikapitalistak osatzen dugun emakume eta gizonak harremanetan jarri nahi ditugu hari gorria –XX. mendean zehar ibili dena, Petrogradotik 1917an Bartzelonara 1936ean, La Habanatik 1959an Parisera 1968an, Managuatik 1979an Chiapasera 1994ean-, berdea –geroz eta handiagoak diren Ingurugiro hondamendien aurrean, Harrisburg, Chernobil eta klima aldaketaren kasuak bezala, ekoizteko, kontsumitzeko eta bizitzeko era berriro definitu nahi duena,  eta morea –martxoaren 8an ez ezik egunero ere patriarkatuaren eta munduko edozein lekutan emakumearen  kontrako zapalkuntza material eta sinbolikoaren kontra borrokatzeko beharra gogoratzen diguna, eta beste mundu baten aldeko borrokarekin bat egiten dugun guztiok marrazten ditugun hariak.

Ezkerra ez dela inoiz hutsetik hasten uste dugu, iraganeko esperientzia eta memoria kolektiboa etorkizuneko amets eta proiektuen oinarri baitira. Honengatik guztiagatik, Antikapitalistak taldean marxismo iraultzailearen, ekologismoaren eta feminismoaren ekarpenak uztartzen saiatzen gara, eta aldi berean iraganeko prozesu iraultzaileek –beraien gauza on eta okerrekin- eta gizarte mugimenduen eta hainbat erakundeen historiak utzi diguten irakaspenak  jaso nahi ditugu, akats eta dogmatismoengatik ihes egiteko.

Antikapitalistak… eta batasunaren aldekoak!

Honela egiten dugu lan gizarte mugimenduetan, non pluralismoa eta osatzen dituzten korronte eta ikuspegi guztien errespetua defendatzen dugu: gizarte mugimendu guztiek autonomia izan behar dute eta berezko expresio eta elkarrizketa organo independienteak izan behar dituzte. Antikapitalistak taldeko militanteok korronte antikapitalistak borroka guztietan era masibo eta baterakoian parte hartu behar dugula uste dugu, nahi dugun gizarte eredua eraikitzeko baldintza baita. Honela, kapitalaren ofentsiba gelditu eta nahi dugun

Metatu, elkartu, eratu…

Antikapitalistak taldearen lanaren ezaugarria da kanpainiak, plataformak eta taldeak bat egitearen alde lan egitea, mugimenduen arteko loturak osatzeko eta ikuspegi politiko orokorra sortzeko. Garrantzia handia ematen diogu ere, erresistentzia mugimendu berri eta langile mugimendu antolatuaren arteko ekintza-batasunaren bilaketari. Horregatik, sortzen ari diren herri-borrokak langileriaren osotasunarekin harremanetan jarri behar da, Marx-ek esan zuena gogoan izanik: “langileen emantzipazioa langileen beraien lana izango da”… eta zapaldutako langile eta gehiengo sozialena.

Gaur egun, globalizazio kapitalistaren kontrako “mugimenduen mugimenduaren” eta bere foro eta topaketa ezberdinen garapenak erakusten ari den bezala, ikuspegi baterakoi honek garrantzia handia dauka, dominazioa eta diskriminazioa areagotzeko laguntzen duen langileek bizi duten zatiketa kontuan hartzen badugu bereziki. Interes eta subjektibotasunen zatiketak eta borroka eta murgildutako erakundeen dibertsitateak kapitalismo neoliberalaren kontrako erresistentzia era ezberdinak batzeko estrategia baterakoi eta malgua exijitzen dituzte.

Prestakuntzari arreta

Antikapitalistak taldearen kezka nagusietako bat prestakuntza da. Erakunde iraultzaile sendoak eta ikuspegi sozialista berri bat eraikitzeko ezaguera politikoa eta argudiatzeko, eztabaidatzeko eta kritika egiteko gaitasuna duten pertsonak behar dira, baita ere entzuteko eta etorkizun sozialista berri hori gauzagarria egin dezaketen  ekarpenengatik ikasteko gai direnak.

Baita politikan ere! Klaseko proiektu  antikapitalista berreraiki

Antikapitalistak taldean ezker antikapitalistaren berreraikuntza aktibista sareen eta gizarte mugimenduen indartzean eta sendotzean ez dela amaitzen uste dugu. Ekimen politiko propioak abian jartzeko eta gizarte mugimenduetan aurkitu daitezkeen helburu emantzipatorioak jasotzeko subjektu politiko berri bat eraiki behar da. Horregatik, langile mugimenduaren berreraikuntza eta gizarte mugimenduen bultzada kalean eta hauteskundeetan eraginkorra den alternatiba antikapitalista baten eraikuntzarekin konbinatu nahi dugu. Premiazkoa da borrokei irtenbide positiboa emateko, egungo egoera zehatzararen analisiatik ateraz estrategia iraultzaile errealista abian jartzeko eta XXI. mendeko sozialismoaren edukiak garatzeko programa duen proiektu bat eraikitzea. Azken finean, ezin dugu borroketan eta ezezkoetan soilik geratu. Proposamenetara, nahi dugunara eta defendatzen ditugun baiezkoetara pasa behar dugu… Sozial-liberalismoaren eta ezker instituzionalaren deriba dela eta, ikuspegi hau premiazkoa da. Nahiz eta oso indar xumeekin hasi, gure proiektua ez da dagoeneko konbentzituta daudenei mugatuko, erreferentzia politikorik gabeko sektore sozial zabalentzako eraginkorra den klaseko proiektu antikapitalista bat eraikitzeko ordua iritsi dela uste dugu.

Kapitalismoarekin apurtzeko estrategia eta egitasmoa

Egungo egoeran, sistemaren logikaren kontra jotzen duten lorpen sozial eta politikoen aldeko borroka bultzatzen dugu iraultzaileok, sistema bera kolokan jartzeko beharra mahai gainean jartzen duten erreibindikazioak:

– Hegoaldeko herrialde txiroen kanpoko zorra baldintzarik gabe bertan behera uztea, murrizketa ekonomiko eta sozialeko planak ezabatzea, kapitalen mugimenduak kontrolatzeko neurriak hartzea, paradisu fiskalak debekatzea, munduko ekonomiaren liberalizazio prozesua amaitzea, Munduko Bankua, Nazioarteko Diru Funtsa eta Merkataritzaren Nazioarteko Erakundea desagertzea, eta bere ordez herriak elkartzeko eta elkarri laguntzeko modu berriak sortzea.

– Lanaldia nabarmen murriztea, eta enplegu duina, egonkorra eta eskubide guztiekin defendatzen dugu, neoliberalismoaren erasoak gero eta langile gehiago langabezian uzten dituen bitartean, lanpostua dutenak lanordu gehiago egitera behartzen dituelako. Zentzurik gabeko dinamika horrekin apurtzeko, lanaldiaren murrizketa defendatzen dugu, baina soldata murriztu gabe, gutxiago lan egitea, eta mota guztietako lanak banatzea (baita normalean ikusten eta ordaintzen ez direnak ere, etxean, familian edo zaintzan egiten direnak, alegia). Gizartea aldatzea eta hobeto bizitzea eskatzen dugu (lanez gainezka dagoenaren estresarik gabe, langabetuen depresiorik gabe, eta prekarietatean daudenen antsietaterik gabe bizitzea, bai horixe). Gaurko teknologiek ahalbidetzen duten produktibitate maila pertsonen alde erabili behar da, bizi kalitatea hobetzeko eta aisialdiaz gozatu ahal izateko, eta inolaz ere ez kapitalisten etekinen, zapalketa patriarkalaren eta ingurugiroa suntsitzearen alde.

– Gure ustez, zerbitzu publikoak (hezkuntza, osasungintza, hirugarren adinaren zaintza, haurtzaindegiak…) defendatu, hobeto finantziatu, kalitatez eta demokraziaz kudeatu behar dira, eta pribatizatu edo azpikontratatuta daudenen nazionalizazioaren alde borrokatu behar dugu. Neoliberalen eredua pribatizazioetan eta ondasun guztiak gutxi batzuen esku biltzean datza. Gurea, berriz, herritar guztiona dena bultzatzea eta gehiengo sozialaren esku jartzea da. Bide horretan, erreforma fiskala ezinbesteko urratsa da, mundua paradisu fiskala bihurtzen ari baita. Gehien daukatenek, aberatsek, espekulatzaileek, kapitalaren errentek, horiek ordaindu behar dute, zerga zuzen eta progresiboen bitartez. Zeharkako zergak, oinarrizko produktuak erosterakoan langileek ordaintzen dituztenak errekaudazio iturri nagusia izatea ez da bidezkoa.

– Zapalduta eta esplotatuta dauden pertsona guztien batasuna eraikitzeko ahalegina egin behar da, baina haien artean dagoen aniztasuna errespetatuz. Horretarako, talde bakoitzak dituen erreibindikazio propioak kontutan hartu behar dira: emakumeen eskubide guztiak defendatu behar dira, eta baita emakume eta gizonen arteko soldata ezberdintasunak desagerrarazi ere. Paperik gabe dauden etorkinak legeztatuak izan behar dira, Atzerritartasun legea ezabatuz eta bertako langileek dituzten eskubide berberak onartuz (hiritartasuna bertan bizitzearen ondorioa izango delarik). Sexu joera desberdinekiko errespetua eskuratu behar dugu, heterosexualitatearen arauari aurre eginez. Herrien eskubide nazionalak defendatu behar ditugu. Oro har, ezberdintasun mota guztien kontra borrokatu behar dugu, diskriminazio propio horiek langileen arteko elkartasun eza sortzen dutelako, eta langile klaseen artean beharrezkoa den batasuna zaildu egiten dutelako.

– Mugimendu feminista eta gay-lesbikoaren erreibindikazio propioak garatzea bultzatu behar dugu, pertsonen arteko harremanak aldatu ahal izateko, denok askeago bizi gaitezen. Zentzu honetan, emakumeen eta sexu joera batzuen zapalketa kapitalismoaren aurrekoak direlaz ohartu behar gara, eta ziurrenik kapitalismoarekin amaitu eta gero ere iraungo dutela. Beraz, emakumeen eta LGBT (lesbiana, gay, bisexual eta transexualen) mugimendu autonomoak bultzatu behar ditugu, esplotazio kapitalista amaitzea ez baita nahikoa izango pertsonen eta gizartearen askapen osoa lortzeko.

– Estatu espainiarreko herri zapalduen autodeterminazio eta burujabetza eskubideak defendatu behar ditugu, estatu propioak sortzeko eskubidea barne. Era berean, indarrean dagoen monarkiaren aurrean Errepublika defendatzen dugu, 1978ko Konstituzioaren zilegitasuna kolokan jartzen dugu, eta herrien parteharzean oinarritzen den prozesu konstituzional berria eskatzen dugu. Memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginak bultzatu nahi ditugu, hitzartu zen trantsizioak eta frankismoak berak sortutako amnesia orokorrari aurre egiteko.

– Europa desberdina eraikitzeko borrokatu behar dugu, langileen eta herrien Europa, soziala, ekologikoa, feminista eta Hegoaldeko herriekiko solidarioa. Europa berri horretarako bidea Frantzia eta Holandako herriek finkatu zuten Europako Itun Konstituzionalaren kontra agertu zirenean, eta baita Irlandako herriak ere Lisboako Itunaren kontra agertu zenean ere. Europako gobernuek inposatu nahi dizkiguten politika neoliberal eta atzerakoiei aurre egin behar diegu, ezberdintasun handiagoak eta ghetto sozial eta etniko berriak sortzen dituztelako.

– Ekonomiaren birmoldaketa ekologikoa bultzatu behar dugu, iraunkortasun kultura berria sortzeko. Horretarako, ingurugiroaren suntsiketa geldiarazteko politikak garatu behar dira -uraren eta energiaren gehiegizko kontsumoa ekiditzea, uraren kultura jasangarria sortzea, transgenikoak debekatzea, energia berriztagarriak bultzatzea, berriztagarriak ez diren energiekiko dependentzia gutxitzea, zentral nuklearrak ixtea…- eta ekonomiaren erabaki nagusiak hartzerakoan irizpide ekosozialistak kontutan hartu behar dira: baliabide naturalen pribatizazioa geldiaraztea, herrien elikadura-burujabetza eskubide giza aitortzea, mugikortasun sistema publikoak bultzatzea. Oro har, ekonomia demokraziaz eta autogestioaz kudeatzea, gizartearen gehiengoaren beharrak bete ahal izateko, produktibismo eta kontsumismoaren zurrunbilo zoroa eta krisi ekologikoa geldiarazteko, benetako zibilizazio krisia baita, biosferaren eta planeta beraren biziraupenerako mehatxua delako.

– Militarismoaren eta gerra inperialistaren aurka borrokatu behar dugu, desarme nuklear eta konbentzionala eskatzen ditugu, eta OTAN deusestatzea. Gerraren industria eta politikaren atzean dauden interes zikinak salatzen ditugu, eta baita Amerikako Estatu Batuek eta Europar Batasunak bultzatzen duten gerra prebentiboaren estrategia ere. Horrekin batera, eskubide eta askatasun zibil eta demokratikoen defentsa sutsua egin behar dugu, terrorismoaren borrokaren edo inmigrazioaren kontrolaren aitzakiaren izenean inboluzioa bultzatzen baita. Zentzu horretan, hiritartasun eskubidea etorkin guztiei zabaltzea oso garrantzitsua litzateke.

– Kapitalismoa gainditzeko, demokrazia sakondu behar da: Lau urtean behin bozkatzea ez da demokraziaren sinonimoa. Ezberdintasunak hain handiak izanda, demokrazia formal elite politikoak noizbehinka berriztatzeko prozedura baino ez da. Izan ere, neoliberalak eta sozial-liberalen aurrean dauden ñabardurak ñabardura, biak baitaude botere ekonomikoaren menpe. Ez dugu gaitzesten hauteskunde prozesuetan parte hartzea, eta bertan ezker alternatiboak ordezkaritza instituzionala lortzea, baina argi daukagu aukera hori ezin dela mobilizazioaren eta koherentzia politikoaren gainean jarri. Gainera, demokrazia eredu desberdina bultzatzen dugu, non erabakia eta kontrola herritarrek dauzkaten, beren bizitzarako garrantzitsuak diren arlo guztietan. Helburu hori gauzatzeko ezinbestekoa da oinarrizko ezberdintasunak gainditzea, ondasunen eta denboraren erabileraren bidezko banaketa lortzea, denok izan ditzagun gai nagusei buruz eztabaidatzeko eta erabakitzeko baliabideak eta denbora nahikoak.

Gure ikuspuntutik, demokrazia sozialistan, hautatutako instituzioekin batera, herrien benetako burujabetza garatuko da, ekonomiaren gaineko kontrola langileen eta gizartearen esku egongo da, eta herri, hiri eta auzoetan hiritarren parteharzea bultzatuko da, herritarren kontseiluen eta aurrekontu partehartzailen bitartez.

Antikapitalistak taldekoen aburuz, berdintasun, demokrazia eta autogestioaren erreibindikazioan bat etorri dira sozialismo iraultzailea, mugimentu feminista, askapen gay-lesbikoaren mugimentua, nazio askapenaren mugimentua eta ekologismoa. Baina helburu horiek lorteko ezinbestekoa da produkzio-bideak eta baliabide naturalak pribatuak ez izatea, eta jasaten dugun sistema kapilistarekin apurtzea, bidegabekeriak, esplotazioa, pobrezia, zapalkuntza eta ingurugiroaren zuntsiketa sortzen baititu. Beraz, aldaketa iraultzaile eta sozialista bultzatzea gure helburu nagusia da, gizartearen aldaketa sakon eta atzeraezinak lortzeko eta itxaropenerako bideak zabaltzeko ezinbestekoa baita. Demokrazia sakontzeko prozesuak orain arte botere guztia izan dutenen erresistentziari aurre egin beharko dio, posible bada arrazoiaren indarrez, baina, beharrezkoa balitz, indarraren arrazoiaz.

Egungo erronken pareko proiektu internazionalista

Antikapitalistak erakunde internazionalista bat da, kapitalismoa klase-borroka nazioarteko bihurtu eta erresistentzia globalak sorrarazi dituen mundu mailako sistema bat baita, eta, beraz, erresistentzia global hauek  mundu mailako alternatiba sozialista bat eraikitzera behartzen dituena. Helburu hori banatzen gaituzten mugen baino harago doalako, hegoaldeko herriekin bereziki solidarioak garelako eta nazioen arteko harreman berri batzuen alde eta etsai komun baten kontra, gaur egungo inperialismo berriaren kontra, borroka egiten dugulako gara internazionalistak. Potentzia inperialista handiek herrialde txiroen norakoa zuzentzeko eskubiderik ez dutela pentsatzen dugu. Potentzia handien militarismoaren eta gerraren aurka borrokatzen dugulako gara internazionalistak. Horrela, zapalduek aske izateko duten eskubidea defendatzen dugu, armen bidez behar izanez gero, beste baliabideak botere menperatzaileen erresistentziaren aurka nahikoak ez badira.

Mundu mailan antolatutako – FMI, OMC eta G-8 bezalako erakundeen kontrolpean dauden multinazional handietan kontzentratuta eta EB bezalako herrialde-bloketan artikulatuta – eta botere militarrak babestutako – OTAN beso armatu nagusi bezala “gerra global iraunkorraren” zerbitzuan – kapitalismo bati aurre egiteko lotura egonkorrak eratzea eta munduko beste erakunde iraultzaile eta antikapitalistekin ekimen bateratuak garatzea nahitaezkoa dela pentsatzen dugu. Horregatik, Antikapitalistak (Izquierda Anticapitalistarekin konfederatuta batera estatu mailan) Laugarren Internazionalaren parte da: Urriko Iraultzaren zilegitasuna berreskuratu eta sozialismoa estalinismoaren katastrofe moral eta politikoarekin ez nahasteko helburuarekin XX. mendeko garairik goibelenean – Bigarren Mundu Gerraren bezperan – sortutako erakundea. Gaur egun, praktika eta mugimendu internazionalisten susperraldi masiboari esker, IV. Internazionalak etorkizuneko korronte internazional antikapitalista baten artikulazio lanetan laguntzen du, Antikapitalistak guztiz sartuta dagoen Europako Ezker Antikapitalistaren Konferentzia bezalako iniziatiben bitartez.

Bat egin ezazu Antikapitalistak-ekin!

Proiektu hau aurrera eramateko, zure ametsak egi bihurtzeko, emakume eta gizon askeez osatutako gizarte bat lortzeko… gurekin bat egin ezazu! Zure ahalegina eta lana beharrezkoak dira, militantzia gabe ez baitago borrokarik, borrokarik gabe ez baitago antolakuntzarik eta antolakuntzarik gabe ez baitago proiektu iraultzailerik… Zure iritzia, pentsamendua eta partehartzea ezinbestekoak dira. Ezkerraren geldotasun garaia amaitu da; konformismoaren, boteretsuei egiten uztearen eta gai edo arazo publikoak “politikoen” kontuak direla pentsatzearen garaia amaitu da. Pertsonen, herrien, matxinoen, aldaketaren eta ekintzaren garaia iritsi da.

Jaiki zaitez eta borroka ezazu… antolatu zaitez Antikapitalistak-en!

______________________________________________________________

 

Share This