Yankiak Venezuelatik kanpora!
Behera gerra inperialista!
Venezuelako herri langilearekiko elkartasuna!
Faxismoa diktadura kapitalista bada herrialde garatuetan, inperialismoa diktadura kapitalista da herrialde menpekoetan. Gaur egungo egoera internazionalak baieztapen hori eguneratu besterik ez du egiten.
“Atzeko patiora” buelta
Karibeko ekintza militar bortitzek eta Venezuelaren aurkako inbasio-mehatxuek Latinoamerikan AEBek izan duten interbentzionismo militar eta kolpistaren tradizio luzeari jarraitzen diote, 1823an Monroe doktrina formulatu zenetik: “Amerika (iparraldekoentzat) amerikarrentzat”. Europako kolonialismoaren aurkako defentsa gisa aurkeztu bazen ere, azken batean AEBek eskualdean izandako esku-hartzearen justifikazio ideologiko bihurtu zen. Ordutik, subiranotasuna berreskuratzeko saiakera bakoitzak egin behar izan dio aurre Washingtonen itzalari, eta hark bere taktikak egokitu ditu garaiaren arabera: inbasio militarretatik eta diktaduretatik hasi, zigor ekonomikoetara, kanpaina mediatikoetara eta lawfare delakoaren bidezko kolpe instituzionaletara arte.
AEBen obsesio antichavista
1989ko Caracazoaren ondorengo birpolitizazio masiboaren ondorioz, Hugo Chávez 1999ko otsailean boterera iritsi zen. Gogora dezagun 1989 urtean Carlos Andrés Pérezen gobernuak neurri neoliberalak ezarri zituen eta horrek herri matxinada bat ekarri zuen, non Perezek errepresio odoltsuarekin erantzun zion herriari. Harez geroztik, ,Estatu Batuak obsesionatuta daude berriro Venezuelako gobernua, lurraldea eta herria kontrolpean izatearekin.
Zergatik? Lehenik eta behin, Venezuelak munduko petrolio-erreserbarik handienetako bat duelako, hitzez hitz AEBren “atzeko patioan”. Baina baita, seguruenik, Chavezek berriro sozialismoaz hitz egin zuelako, Che Guevara aldarrikatu zuelako, Kubarekiko elkartasuna agertu zuelako eta aurreko hamarkadako gobernu aurrerakoiekin aliantzak ehundu zituelako ALCAri ezetz esateko. Horrek guztiak Latinoamerikako herrietan birbanaketa-politikak posible zirela sinesteko aukera ireki zuen, eta laurogeiko hamarkadako porrotaren ondoren diktatu inperialisten aurkako erresistentzia berriro indartu zuen.
Chávez hil zenetik, “chavismoa” boteretik kentzeko presioak ez du etenik izan. Chavezek hasitako bideari jarraitzeko gai ez den edo jarraitu nahi izan ez duen gobernu baten ahulezien eta pixkanakako endekapenaren testuinguruan, eta eskualdeko prozesu aurrerakoien gainbeherarekin batera, Etxe Zuriak ondo daki une aproposa dela amets iraultzaileak lurperatzeko.
Bere lehen agintaldian, Trumpek Guaidó bezalako diputatu faxista baten estatu-kolpe saiakera babestu zuen 2019an (porrot egin zuen, besteak beste, Trumpek berak hautatu zuelako, tokiko oligarkien sostengurik gabe, nahiz eta Europar Batasunak kolpeari sostengu “demokratikoa” eman). Hurrengo urtean, Kolonbiatik beste kolpe bat sustatzen saiatu zen: Gedeon Operazioa izenekoa, talde paramilitarrek gauzatu behar zutena.
Venezuelako herriak bizi duen egoera ekonomiko eta sozial tamalgarriari, errepresio testuinguru ukaezina eta joan den uztaileko hauteskunde presidentzialetan egondako iruzur-susmo larriak gehitu behar zaizkio. Horrek guztiak barne-presio handiak eta nazioarteko aparatu mediatikoen gaitzespena metatu ditu Maduroren aurka, “diktadore” etengabe deituz, Trump bere burua Estatu Batuetako “errege” izendatzera ausartzen den bitartean, “nazioarteko komunitatea” isilik mantentzen delarik, helburu bakarrarekin: Venezuelako gobernua boteretik kentzea. Ez da kasualitatea Maria Corina Machado Bakearen Nobel saridun izatea: gaur egungo oposizioko figura nagusia da, eta Hugo Chavezen aurkako 2002ko estatu-kolpearen bultzatzaileetako bat izan zen (non, bide batez, Espainiako zerbitzu sekretuek parte hartu zuten Aznarren bigarren agintaldian), herri-erresistentzia ikusgarri batek kolpe hura atzera bota zuen arte. Horrek guztiak ere ez zirudien AEBetako gobernuarentzat nahikoa, eta orain “narkotrafikoaren aurkako borrokaren” karta jokatzen ari da. Aitzakia horrek, besteak beste, Kolonbiako politika nazionalak kontrolatzeko balio izan dio AEBri hamarkadetan zehar.
AEBko gobernuak baieztatu du Venezuelako gobernuak Araguako Trena kontrolatzen duela, ustez Estatu Batuak “inbaditzen” ari zen talde kriminala. Logika absurdo hori azken muturreraino eramanez gero, Estatu Batuak “gerra egoeran” egongo lirateke Venezuelarekin.
Huts egindako “drogen aurkako gerra” gerra zuzen eta ireki bihurtzeko armada erabiltzeaz gain, Etxe Zuriak askoz ere gehiago areagotu ditu Venezuelarekiko tentsioak, Madurori ultimatum bat planteatzera iritsi arte —hark erabat baztertu duena—: herrialdea uztea, berarentzat eta bere familiarentzat immunitatea ematearen truke. Horren berri azken egunotako telefono-dei baten inguruko filtrazio mediatikoek eman dute.
Trumpen lehen agintaldian, bere administrazioak Maduroren aurkako narkotrafiko-salaketa guztiz susmagarria aurkeztu zuen. Eta joan den abuztuan, Trumpek 50 milioi dolarrera igo zuen Maduroren atxiloketa ahalbidetuko lukeen informazioagatik eskaintzen zen saria: bere garaian Osama bin Ladenengatik jarritakoaren bikoitza.
Trumpen gobernuak Venezuelaren aurkako presioa areagotzen jarraitzen du, eta AEBen jarduera militarra nabarmen handitu du Karibe osoan. 15.000 soldadu baino gehiago kokatu ditu eskualdean, eta 20 ontzi baino gehiagoren aurkako aire-erasoak egin ditu, gutxienez 83 hildako eraginez. Etxe Zuriak operazio horiek justifikatu ditu, frogarik aurkeztu gabe, narkotrafikatzaileen aurkako ekintzak direla esanez.
Azaroaren 24an, Trumpen administrazioak “Cártel de los Soles” izeneko ustezko talde militarra izendatu zuen atzerriko erakunde terrorista bezala, Nicolas Maduro presidentea bera liderra zela argudiatuta. Baina ez da benetako erakundea: urteetan —Chávez boterera iritsi aurretik ere— narkotrafikoarekin lotutako militar ustel batzuei buruz hitz egiteko erabili izan den etiketa da. Egia da Venezuelan, herrialde gehienetan bezala, polizia eta militar ustelak badaudela, baina “Cártel de los Soles” deiturikoa ez da egitura erreal bat inondik inora.
XX. mendean Latinoamerikako esku-hartze inperialista “mehatxu komunistaren” izenean justifikatzen bazen ere, gaur egun “narkotrafikoaren aurkako borroka” bihurtu da kontsigna nagusia. Diskurtso horrek (eskuinak eta eskuin muturrak hedatu duten zigor-populismoaren bidez) beldurra baliatzen du gazte pobreen espetxeratze masiboa normalizatzeko, El Salvadorren eta Ekuadorren gertatu den bezala, eta Rio de Janeiroko faveletako sarraskiak zuritzeko. Justifikazio horren estalpean, eskuin muturra sendotu egiten da, eta inperialismoa berriz ere Latinoamerikan ezartzen saiatzen da, esku-hartzea legitimatzeko frogak eta testuinguruak fabrikatuz.
Maduroren gobernuak ez du loturarik demokrazia sozialista baten proiektuarekin: doikuntza neoliberaleko planak aplikatu ditu, herri-klaseak pobretuz; langile-mugimenduko sektore eraginkorrenak zapaldu ditu; Venezuelako Alderdi Komunista eta ezker antikapitalista legez kanpo utzi ditu; eta herrialdeko eskuin oligarkikoaren zatiekin harremanak berregiten saiatu da. Hala ere, kritikak alde batera utzita, injerentzia inperialista ororen aurka irmo eta zalantzarik gabe egin behar da; potentzia global nagusi batek, gobernu ultraeskuindarra duelarik, mehatxatutako herrialde batekiko elkartasun internazionalista praktikatuz,. Venezuelaren aurkako esku-hartze militar batek hondamendia ekarriko luke eskualde osoarentzat, eta garaipen argia izango litzateke bai inperialismoarentzat, bai eskuin muturrarentzat Latinoamerikan eta munduan.
Hau Venezuelatik harago doa
2008tik gora egin dute indar inperialisten arteko tentsioek. Azken urteetako esku-hartze eta interbentzio batzuk adierazgarri dira: Libia eta Siriako esku-hartzeak, eta Al Sisiren diktadura odoltsuaren goraldia Egipton; Marokok Sahara probintzializatzea, gaur egun EBk, Espainiako Gobernuak eta NBEk babestua, Errusia eta Txinaren konplizitatearekin; Sahelen kontrola, Afrikako banaketa estraktibista berri baten parte gisa; NATOren espantsio militarra Europa ekialderantz; Ukrainako gerra, erregimen putinistaren inbasioak piztua eta EBren bira militaristak lagundua; eta, azkenik, Gazan eta Zisjordanian gertatzen ari den genozidio sionista, Mendebaldeko botereen babesean.
Testuinguru horretan kokatzen da orain Trumpen administrazioaren mugimendua: Latinoamerika berriro ere “atzeko patio” bihurtzeko ahalegina, Monroe doktrina berpiztuz: “Amerika amerikarrentzat”.
Trumpek hartzen dituen erabakiak aurreikustea zaila bada ere, bere ezegonkortasun psikologikoagatik eta kaos politikorako joeragatik, gaur egungo eskaladak gogorarazten du AEBek egindako azken inbasio militar zuzena: Panama, 1989an, Noriega kargutik kentzeko “narkotrafikoaren aurkako borrokaren” aitzakiarekin. Inbasio hark, marineek herri-auzoetan egindako sarraski odoltsuekin, Kissingerren esaldi ezaguna berresten du: “Estatu Batuen etsaia izatea arriskutsua da, baina bere laguna izatea hilgarria da”. Noriega, bere garaian CIAren aliatu leiala izandakoa, Kolonbiatik antolatutako narkotrafiko-sarearen parte izan zen, laurogeiko hamarkadako gerra kontrainsurjenteak finantzatzeko. Gerra haiek estatu hondatuak utzi zituzten eta gaur egungo basakeriaren eta iparralderako emigrazio masiboaren sustrai zuzena dira. Noriega, Sadam Hussein eta AEBen aliatu ohien zerrenda tragiko ezaguna logika beraren ondorio da.
Are kezkagarriagoa da Venezuelaren aurkako eskalada hau Latinoamerikako beste herrialdeetan izandako esku-sartzearekin batera gertatzen ari dela: Argentinan (Mileiri finantza-laguntza emanez, AEBko milaka funtzionario bi hilabetez soldata gabe utzi bitartean), Brasilen (Bolsonaroren espetxeratzeagatik presio arantzelario eta politikoa eginez), Kolonbian eta Mexikon, eta Bukeleren diktaduraren zein Peruko eta Ekuadorko matxinaden aurkako errepresio militarizatuaren babesarekin. Horri gehitu behar zaio Hondurasko hauteskundeetan egindako esku-hartze zuzena, ultraeskuinaren hautagaiaren alde.
Ondorioz, Venezuelan inbasioaren edo erregimen-aldaketaren mehatxua AEBen hegemonia berrezartzeko estrategiaren parte da, eta era berean Kubaren aurkako kolpe baten preludioa: Iraultzak dituen kontraesanak, deformazio burokratikoak eta desadostasunen jazarpena gorabehera, Kuba AEBentzat oraindik ere Amerikako “gaitz” guztien sinbolo politikoa eta kontrairaultzaren jomuga nagusia da.
Antikapitalistak dei egiten dugu mobilizazio bateratu, zabal eta irmoenari, Venezuelan inperialismoak esku hartzeko duen planaren aurka.
Yankiak Venezuelatik kanpora!
Behera gerra inperialista!
Venezuelako herri langilearekiko elkartasuna!