2018an Irunen herri galdeketa egitea helburu duen ‘Hartu Hitza’ elkartea aurkeztu dute

Tamaño Texto-+=
Elkarte berria Gure Esku Dago herri ekimenaren ildotik datorrela adierazi dute, “Adosguneak azken hilabeteetan hainbat herritan egin diren galdeketen olatuarekin bat egiten du”.

2017-04-07

HARTU HITZA IRUN elkartea aurkeztu dute gaur, Elena Berazadik, Elkartearen lehendakariak, Martxel Telletxeak, lehendakariordeak eta Itziar Gomez eta Aitor Irastorza batzordekideek.
Itziar Gomez-ek HARTU HITZA IRUN Elkartea GURE ESKU DAGO herri ekimenaren ildotik datorrela adierazi du, “Adosguneak azken hilabeteetan hainbat herritan egin diren galdeketen olatuarekin bat egiten du”. Eta aipatu du adosgune honek duela urtebete Irunen 300 irundar esanguratsuk sinatu zuten Erabakitzeko eskubidearen aldeko Adierazpenean duela bere jatorria. “Agiri haren segidatik sortu da HARTU HITZA IRUN eta ilusioz ari gara lanean GURE ETORKIZUNA ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN ALDE“.

Elena Berazadi lehendakariak HARTU HITZA IRUN elkartearen izaera azaldu du. Eta iragarri du; 2018an Irunen ere herri galdeketa egitea dugu helburu nagusia. Aipatu du hasiak direla galdeketa gauzatzeko urratsak egiten eta Adosguneak onartuak dituela dagoeneko bide horretan bete nahi dituen helburuak. “Gainera Irungo beste elkarteekin eta eragileekin hizketan ari  gara, beren helburuen berri emateko eta haien babesa jasotzeko“.

Besteak beste, honako hauek izango dira HARTU HITZA IRUN Elkartearen helburuak:

–      Estatus politikoaren inguruko eztabaidan sakontzea bilatuko du. Gure herriaren egitura politikoa demokratikoki hautatzeko aukeraren eskubidea zabaldu. Erabakitzeko eskubidea printzipio demokratiko bat da; eskubide horrek gizartea hobetu egiten du eta ez zatitu. Denon artean erabakitzeak helduago, demokratikoago, partaideago eta arduratsuago egiten gaitu. Ideia desberdin guztiak entzungo ditugu errespetuz eta denon artean eraikiko dugu gure etorkizunaren ibilbidea.

–      Irundarren erabakitzeko eskubidea babestea, herritarrok iniziatiba hartzea, ahalduntzea eta urratsak egitea. Ariketa demokratiko baten protagonistak izateko aukera daukagu, borondate demokratiko baten adierazpena den neurrian.

–      Irundarren partaidetza sustatzeko eta herri-erabakitzearen kultura garatzeko eredu bat izango da galdeketa hau. Herritarrok edozein gairen inguruan gure iritziak emateko eta erabakiak hartzeko eskubidea daukagu.  Ahaldundutako jendarte batean sinesten dugu, herri bizi eta arduratsu batean. Demokrazia parte hartzailea bultzatu nahi dugu.

–      Irundar guztien arteko elkarbizitza hobetzeko urratsak ematea bilatuko dugu. Demokratikoki hartutako erabakiak errespetatuz, bizikidetza demokratikoa bultzatzen ari gara. Herri galdeketak, ezberdinak elkartzeko eta zubiak eraikitzeko balioko du.

Aitor Irastortza batzorkideak ere Elkartearen helburu hauek berretsi ditu; “elkarteak denbora darama biltzen eta erabakiak adosten, galdeketa ahalik eta modurik zabalenean eta demokratikoenean gauzatzeko“.

Azkenik, Martxel Telletxea lehendakariordeak hartu du hitza gogoratuz; “Elkartearen helburuek dioten bezala HARTU HITZA IRUNek jatorri eta nortasun desberdineko irundarrak batu nahi ditu, bide horretan denok daude parte hartzera gonbidatuta. Herritar guztiei entzun behar zaie eta herri batek elkarrekin aurrera egiteko ezinbestekoa da elkarrenganako errespetua. Eztabaidatzeko jendearen beldurrak arindu nahi ditugu. Gure gizartean ezinegona dago gai honekin, proiektu ezberdinak daude eta hamarkadak daramatzagu arazo hori konpondu gabe. Beste modu batzuk saiatu behar dira; guk herritarrei hitza ematea proposatzen dugu. Horixe da HARTU HITZA IRUN Elkartearen xedea.”

Share This