ANTIKAPITALISTAK-EN BALORAZIOA U-12 HAUTESKUNDEEN AURREAN

Tamaño Texto-+=

Muturreko zentrua edo abstentzioa pultsorik gabeko kanpaina eta emoziorik gabeko hauteskundeen laburpen bezala.

Abstentzioa %47-an kokatu da. Hau da, herritarron erdiak bozka eskubideari uko egin diote, partaidetza baxuena EAE-ko hauteskundeen historian eta azken hamarkadako joera baieztatuz. Gertakari honen arrazoiak alde batetik azken hilebeteotan bizi izan dugun osasun krisi larriari dagokio, COVID19 positiboen igoerarekin hauteskunde egunaren atarian, jende asko etxean geratuz kutsadura arriskuaren ondorioz. Beste aldetik egutegiak ere izan du zer esanik, udara izanda herritar ugari oporretan bait zegoen. Baina batez ere ezin dugu arrazoi politikoa alde batera utzi: ezkerraren gaitzustea eta gaitasun eza PSE-EE sozioliberalen babesarekin EAJ-ren hegemoniak eratzen duen “muturreko zentrua”-ri proiektu alternatibo sinegarria kontrajartzeko. Klase popularren aldetik ezkerretiko alternatiba erreal bezala ikusi daitekeen proiekturik ezean, asko etxean gelditu dira.

Galtzaile handia Elkarrekin Podemos izan da, faktore anitzetan oinarritzen den erabateko porrotarekin. Naiz estatuan edo erkidegoan, errejimenarekiko haustura alternatiba izateari uko egin dio eta guztiz PSOE-ren menpean ezarri da, egoera honen adierazle nagusia estatuko koalizio gobernua izanik. Edonolako proposamen eta programa rupturistak alboratu ditu eta alderdiaren lurraldekotasuna eta inplantazioa oso ahulak dira Euskadi, beste lurraldeetan baino are ahulagoak. Akats estrategiko larriak burutu zituen EAJ-PSE tandem-aren aurrekontu neoliberalak onartzean edota errejimenaren alderdiekin eta patronalarekin bat egitean greba orokorraren auzian. Langileria eta mugimendu sozialekin zituen erro finak guztiz deuseztatu ditu. Euskadirako proiektu, erreferente, diskurtsu edo proposamen bereizturik gabe eta klase popularrei arrotz egiten zaien hautagaitza aurkeztuta, bozken erdia baino gehiagok utzi egin ditu. Egun, ez du inongo ilusiorik sortzen.

EHBilduk igoera lortu du abstentzio izugarriko testuinguru baten. Bozketan haztea lortu duen alderdi bakarra eta eserlekuetan hazkunde handiena izan duena. Elkarrekin-en erorketaren zati bat bereganatu du eta aldi berean tradizionalki inguruan dituen sektoreak mobilizatzea lortu, M15 zikloaren baitan desilusioan edo beste aukera batzuetan zeudenak.

Arduraz ikusten dugu igoera honek eragin duen triunfalismoa, kontuan izanez ezker abertzalearen emaitza hoberenetatik urrun gelditu dela. 25.000 bozken igoerak, zati baten Elkarrekin-en galeratik ateratakoa (hala ere esan beharra dago seguruenik azken hauen 50.000 boto baino gehiago abstentziora joan direla), bere posizio instituzionalak areagotzen ditu baina motz gelditzen da EAJ eta PSE-k eratzen duten muturreko zentruaren indartzearen aurrean.

Aipatutako klase popularren zati handi baten desafekzioak, ezkerreko herriarena, errealitate bat da eta EHBilduko zuzendaritza ere arduratu beharko luke honek. Kanpainan azaleratu duten nahaste estrategikoa kezkagarria da, ezkerreko tripartitoa aipatzen zuten bitartean “abertzaleen arteko akordioa” ere eskatuz. Posible ikusten du EHBilduko zuzendaritzak nazio akordio bat burutzea kapital eta euskal burgesiaren ordezkariekin? Emaitzen irakurketan aipatu dute 45 urtetik berakoetan indar bozkatuena izan direla eta koalizioak defendatzen dituen balioak gero eta gehiago herrialdearen balioak direla (hainbat alditan errepikatu duten esaldia azken egunotan). Hitz hauek orain dela ez asko Podemos-ko zuzendariek egiten zituzten adierazpenak gehiegi gogorarazten dizkigute, gaur egun ezerezean gelditu direnak. Historiak behin eta berriz irakatsi digu ez dela lineala, ezta indarren hazkunde mekaniko eta graduala. Azken finean, euskaldunon errealitatea muturreko zentrua beste 4 urtez pairatu beharra da, eta hauek datorren krisian jazarri nahiko diguten kudeaketa neoliberala.

Hauteskundeetako irabazle nagusia errejimenaren euskal bipartidoa da, muturreko zentrua, 55.000 bozka galdu dituen arren. Gehiengo absolutu erosoa. M15 ziklotik susperturik atera dira, botere esparruak berreskuratuz eta indartuz EAJ eta baita PSE, maila txikiagoan. Ateak zabalik izango dituzte euskal langileriaren aurkako politika neoliberalak.

PP+C’s eta Vox-en eskuin muturrak emaitza txarrak izan ditu. 50.000 boto baino gehiagoko galera izan dute eskuin espainolistek, partaidetza baxuak Araban Vox-en ordezkari bat eragin duen arren. Zarata egingo du, baina epe motzean ez du entzule ugaririk izango Euskadin. Hori bai, askoz erabilgarriagoa izango zaio eserlekua Ebro azpian. Hala ere, Alderdi Popularrari ez dio ongi irten eginiko biraketa ultra, 50.000 bozka eta 4 eserleku utzi bait ditu bidean.

Errejimen honekin hautsi nahi duen ezkerraren eginbeharrak indarrean jarraitzen dute eta inoiz baino premiazkoagoak dira. Euskal burgesiaren klase alternatiba errealaren eraikuntza. Euskal Herriko herri eta auzoetatik, baina estatuko beste herri eta langileriekin aliantzak ehundu eta borroka eta mobilizazioak koordinatzea gai dena. Modu erradikal batean alternatiba demokratikoa, feminista, ekosozialista, soberanista eta internazionalista. Edo alternatiba hori artikulatzeko gai gara; mugimenduei eta borroka prozesu errealei lotua, bidezidor insituzional estuak zabaldu eta gaindituz, bidea jende eta tradizio anitzekoekin eginez… edo muturreko zentrua akatzeko aukerak urriak izango dira. Hau da Antikapitalistak erakundeak bultzatzen duen proposamena.

Print Friendly, PDF & Email
Share This