Laura Perez Ruano
2020ko ekainak 25

Ekainaren 14an, beste hainbat albisteren artean eta oihartzun handirik gabe, ezagutarazi egin CIAren agiri desklasifikatuak. Horien arabera, Felipe Gonzalezek, Espainiako presidente ohiak, ETAko buruzagiak hiltzeko mertzenario talde bat sortzeari onespena eman zion. Agiriek mertzenario talde hori GAL ote zen argitzen ez duten arren, argi uzten dute «armadak kontrolatuko» zuela. Hots, indar publikoak, guztion diruarekin ordaintzen ditugunak, gerra zikina egiteko erabili zirela azaleratu zen. Guztion zergetatik jasotzen diren etekinak norberaren onurarako erabiltzea ustelkeria da; baina sos hori jendea erailtzeko bideratu izana izendatuko lukeen hitz potolorik ez da oraindik asmatu! Polizia-indarrek eta armadak pertsonak torturatzeak eta desagerrarazteak pentsaezina izan beharko luke zuzenbide estatu eta demokrazia batean.

Eta zer gertatu da hori guztia jakin denean? Ezer ez. Isiltasunaren ituna nagusitu da, berriro ere, hedabideetan, botere judizialean eta ordezkari publikoen artean. Eskuineko alderdiek berek ere, PSOEk egiten duen edozer kritikatzeko joera ohi dutenek, ez dute tutik ere esan. Egia da garai bateko Aznarrek «vayase, señor Gonzalez»-en ondoren boterea eskuratu zuenean uko egin ziola epaileei laguntzeari GALen afera ikertu zezaten eta CESIDen ikuskaritzapean zegoen informazioa ez ziela helarazi izan nahi. Mafiako kideek egiten duten bezala, noi ci dobbiamo coprire uno con l’altro, elkarren artean ezkutatu beharra dago. Eta horixe bera egin du PSOEko gaurko zuzendaritzak ere Felipe Gonzalezi buruz, «lurralde hau eraldatu eta modernizatu zuen presidentea, hainbeste zor diogun Europan sartu gintuena eta alderdiaren idazkari nagusi ohia» izan zela esan duenean; PSOEren babes osoa duela gaineratzeko, alderdiko bozeramailearen arabera. Ezer gutxi balio dute Euskal Herriko PSEko hainbat ordezkarik agertutako hitz kritikoek; bertso libreak besterik ez baitira, oportunistak alegia, defendaezina dena defendaezina delako, non eta hemen, GALen zauriak irekia dirauen herrian. Berez, ezer berririk ez alderdi ezberdinen agerraldietan. Baina bada ulergaitza bezain mingarria gertatu den zerbait: Podemosek GALen delituak ikertzeko batzordearen kontra bozkatuko duela iragarri du. Nahiz eta azkeneko momentuan atzera egin duen, ziur aski, kontraesan horrek eragindako oihartzunaren presioaren ondorioz, hemerotekan betikotuko da erabilitako aitzakia: «Jada zer gertatu zen badakigulako ez dugu beste gauza batzuetatik arreta desbideratu nahi», Etxenikeren hitzetan. Bestelako garaiak izango ote ziren Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan Pili Zabala, GALen biktima, zerrendaburu aurkeztu zutenean? Urrun geratu omen da Pablo Iglesiasek Sanchezi kongresuan «Gonzalezek, iragana kare biziz zikinduta zuen horrek, ez zietela elkarrekin gobernatzen uzten» leporatu zionekoa. Orain, bada, PSOEren gobernukideak dira; erregearen ustelkeria aztertu nahi ez duen alderdi berarena edo GALen krimenak ikertzeko batzordea aurrera atera ez dadin haien botoak PP eta VOXekin batu dituztenena. Eskerrak dena eraldatzeko jaioak zirela…

 

GALen X jauna nor zen aspalditik genekien, noski! CIAko agiriek ez digute horren berri eman, ezta ezer berririk esan ere. Baina zenbaitek uste baino garrantzitsuagoa da CIAko agiriek aipatu izana. Alfredo Grimaldosek La CIA en España liburuan azaltzen duen bezala, CIA bera izan baitzen Gonzalez hauspotu zuena, eta, horregatik, ezinbesteko froga bilakatu da hau. Ama bati bere haurra zein den galdetuko baliote, ez luke zalantza izpirik izango; kasu honetan, CIAk berak bere sorkuntzaren emaitza aitortzen duen bezala, Espainiako trantsizioa kontrolatzeko erabilitakoa. Ezinbesteko froga ukaezina da ikerketa sakona abian jartzeko eta haien arduragatik ordain dezaten arduradunek. Eta, bide batez, jo dezagun gure iragan hurbilaren mamira: horrek ere agerian uzten baitu Estatu Batuek Espainian beti izan dituzten interes geopolitiko eta estrategikoak, eta, horiek guztiek mantendu ahal izateko, frankismoaren atzean zeuden indarrak zuritzeko beharra. Azken finean, Espainiakoa baitzen Europan zirauen azkeneko diktadura, eta, hortaz, erregimena amaitu bai, baina hori hautsi gabe bilatu beharra zegoen. Prozesu demokratiko apurtzaile edo iraultzaile bat saihestea zuten helburu, eta, horrelakorik gertatu baino lehen, nahiago izan zuten Juan Carlos erregea babestu, botere judiziala, armada eta baita botere ekonomikoa ere ukitu gabe uztearren eta aldaketa demokratikoaren itxurakeria antzezteko. Indarrik ez zuen PSOEri dirua eman eta bidenabar haien base militar garrantzitsuak mantendu eta NATOn sartu zuten Espainia. Eta zer preziotan? Frankismoaren krimenen kontrako amnesiaren truke lehendabizi, eta demokratikoki bakarrik konpondu zitezkeen gatazkak gerrate zikinarekin estaliz, ondoren.

Bortizkeriaren instituzionalizazioa nornahik gauzatu dezakeen terrorismo larriena da, estatuaren indarra jendartearen kontra erabiltzen duelako, hura babestu beharrean, legeak urratuta, guztion ongizatea helburu dutela baztertuta. Demokrazia eta bakea ezin dira inolaz ere ez kare biziaren ez zigorgabetasunaren gainean eraiki. Biktimek ez ezik, jendarteak berak egia ezagutzeko eskubidea du erakunde publikoen eskutik, zauriak ixten lagunduko dion aitortza eta erreparazioa ahalbidetzeko. Horregatik, demokrazia ahul honi ukatutako duintasun apur bat berreskuratzearren bada ere, gobernuan dauden alderdiek ezin dute inolaz ere haien isiltasunarekin horrelakorik eragotzi, iraganean gertatutakoaren babesle eta laguntzaile bilakatu gabe.

Share This