Iosu del Moral | Adinekoak duintasunik handienaz artatzeko gai ez den gizarte bat porrot egin duen gizarte bat da. Ezer gutxi espero daiteke mendebaldeko sistema kapitalistatik, gaztetasunaren gorespenean oinarrituta dagoena eta gure aitona-amonak zama higuingarritzat hartzen dituena. Kapitalismoari dagokionez, gure adinekoak ez dira errentagarriak.
Hurrengo elkarrizketan, gako horietako batzuk azaldu dizkigu Txomin Lasak, ELA sindikatuko gizarte- eta osasun- arduraduna. Sektorearen pribatizazio izugarria dela-eta, sindikatuarentzat jarduera estrategikoko eremua dela azpimarratu digu Txominek. Beste behin ere, funtsezkoa da giza bizitzak gure gizartearen ekintza politiko eta sindikalaren erdigunean egon behar duela ulertzea.
Zein da ELA sindikatuak adinekoen egoitzen sektorean egin duen lana?
Esan genezake ELAn 20 urte inguru daramatzagula sektore horretan fokua jarrita. Lehenengo grebak 2000ren hasierakoak dira, batez ere Donostialdeko egoitzetan. Egia da sektoreak gora egin ahala gero eta langile gehiago daudela eta, beraz, gure ezarpena ere hazi egin dela. Kontuan izan behar da gaur egun 20.000 langile baino gehiago daudela Euskal Herrian sektore horretan lanean, eta ELAk 2.000 afiliatu baino gehiago eta sektorean ordezkaritza oso zabala duela.
Guretzat, urteak dira sektore soziosanitarioak (Egoitzak, ZLZ, Esku-hartze Soziala, Osasun Pribatua) erabateko lehentasuna duela. Oso kontziente gara gizarteko sektore prekarizatuenetako bat dela eta bi arrazoirengatik dela; emakume aurpegia izateagatik eta zaintzan aritzeagatik.
ELAk erabaki du erakundearen erronka estrategikotzat hartzea euskal administrazioek sektore horretan erabiltzen duten eredua (pribatizazioa) borrokaren bidez eraldatzea eta bertako langileei baldintza duinak eta erabiltzaileei asistentzia-kalitatea ematea. Horren adibide argia da gaur egun Gipuzkoan geldituta dagoen greba: 243 egun generamatzan graban, eta 377 egun eman genituen Bizkaian, langileen lan-baldintzetan jauzi handia egiteko.
Zeintzuk ziren osasun-krisiaren aurretik antzeman zenituzten funtsezko arazoak eta gabeziak?
Eredua da gainerako gabezia guztien arazo nagusia. Diru publikoaren bidez etekin ekonomikoak bermatzea besterik bilatzen ez duten enpresak azpikontratatuz pertsonen bizitzarekin salerosteak gure adinekoen zaintzaren duintasunaren enkante bihurtzen du sektorea. Hori politika matxisten exekuzioarekin batera, non emakumeek egiten dituzten zaintza-lanak ez diren baloratzen, berekin dakarten koktel leherkor bat dira; prekarietatea, behin-behinekotasuna, langilerik eza, lan-karga ankerrak, gure adinekoen arretarik eza… esaldi batean: tratu txar instituzionalak gure adinekoei eta lan egiten duten emakumeen esplotazioa.
Eta nola eragin dute gabezia horiek krisi honekin topo egitean? Zein da errezeta arazo honen aurrean?
COVIDarekin gertatutakoa benetan baloratzeko, egoeraren azterketa zehatza egin beharko da, baina ez dut zalantzarik aurretik aipatutako guztiak beste egoera batean baino heriotza eta kutsatze gehiago eragin dituela. Heriotza edo kutsatze bakoitzari duen balioa emateko gai den gizarte bat izango bagenu, hitz horiek egungo ereduari buruz esan litezkeen gogorrenak izango lirateke. Hau aldatzeko errezeta ez da zaila. Zerbitzu guztiak publikoak biurtu, langileak sendotuz, langile kopurua haunditzea (ELAn kanpaina bat egin dugu; Zaindu nazazu (gutxienez) bi orduz, eta horrek esan nahi du administrazioek erabiltzaile bakoitzaren zaintza gutxienez 2 orduz ordaindu behar dutela egunean, hau da, % 30eko igoera Gipuzkoan, % 100ekoa Bizkaian eta % 40koa Nafarroan eta Araban), inbertsioa sektore soziosanitarioan… Batez ere gizarte horren lehentasunei buelta bat eman eta zentroan bat jarri; pertsona bakoitzaren bizitza, jaiotzen denetik hiltzen den arte zaindu. Bizitzaren eta ez kapitalaren alde apustua egin.
Sindikatuak uste du orain gobernuek euren partetik gehiago jarriko dutela sektore honetan?
Ez gara baikorrak. Ikusten dugunez, arlo publikoa sozialki indartu den egoera batean, gure agintariak (Urkullu, Tapia) murrizketak egiteko eremua prestatzen ari dira. M. Olanok esan du Gipuzkoako ereduak funtzionatzen duela eta eredua indartuko dutela. Eredu horretan, adibidez, nazioarteko inbertsio-funtsak edo alderdi politikoen inguruko enpresak daude, gure diru publikoa eramanez eta esplotazio aztarna uzten eta tratu ankerra emanez. Mezua argia da; hezurra ukitu dugu, eredu hori aldatu eta pertsonen arretara itzultzeak jende asko negoziorik gabe uztea dakar. Eta argi daukagu gobernatzen gaituzten alderdi politiko neoliberalek tartaren zati handi bat hitzemanda daukatela negozioa egin nahi dutenei, eta ez zainktaren alde gaudenoi. Borondatea kendu beharko diegu borrokaz, grebaren bitartez.
Sindikatuak zer lan egingo du datozen hilabeteetan gai honi dagokionez?
Oraingoz, administrazio publikoak eremu soziosanitarioan azpikontratatutako zerbitzu guztiak publifikatzea eskatu dugu. Egoitzak publikoak izatea nahi dugu. Era berean, gertatutakoa azpimarratuko dugu, eta benetako balorazio bat egitea nahi dugu, ez dugu onartuko kontakizun faltsu bat inposatzea. Langileek dena eman dute baliabiderik gabe eta beren osasuna eta ingurukoena arriskuan jarri dute, baita euren eginbeharran bizia galduz ere. Bizi izan duten egoera traumatikoaz eta utz diezaiekeen ondorioez hitz egitea ere nahi dugu. Azkenik, Gipuzkoan grebara itzuliko gara, langileentzako eta erabiltzaileentzako arriskurik ez dagoela ikusten dugunean, eta ez gara geldituko gure asmoak lortu arte.
Borrokan jarraitzeko gogoa dugu. ELAn badakigu urteak direla gatazka ondo bideratuta daukagula eta urte asko daramatzagula COVIDek zoritxarrez mundu guztiaren mahai gainean jarri duena salatzen. Gaur inoiz baino legitimatuago sentitzen gara gure aldarrikapenetan. Badakigu erreferente bat garela sektore honetan egiten ditugun borrokekin, eta gizarteari ere eskatuko diogu lagun diezagula sektore hau, bizitza negozioaren gainetik jartzen duena, gizartearen eredu izan dadin.
Iosu del Moral es militante de Antikapitalistak.