Martxoaren 23ko grebaren inguruan, Ikasle Abertzaleak-en oharra

Tamaño Texto-+=

(Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Ikasle Abertzaleak)
Lehenik eta behin, zorionak eman nahi dizkiogu herenegun kalera atera ginen Euskal Herriko ikasle orori, guztira 17.000 ikasle inguruk Hego Euskal Herriko kaleak bete genituen amorruz eta aldarrikapenez. Honekin batera, identifikatuak izan ziren ikasle ororen aurkako isun zein bestelako jazarpenekin amaitzeko aldarria egiten dugu.

LOMCE zein Heziberri erreformei aurkakotasuna adieraztea genuen helburu Martxoaren 23an, Ikasle Abertzaleok zein ikasle mugimenduko bestelako hainbat eragilek deitua genuen mobilizazio deialdian, hezkuntza ertain, unibertsitate zein lanbide heziketetan burutu zelarik greba. Aldarri desberdinduak genituen hezkuntza ertain, lanbide heziketa zein unibertsitateetan, kalera ateratzeko batzen gintuen iparra hezkuntza eredu askatzaile baten eraikuntzan eta LOMCE erreformaren aurkakotasunean aurkitzen genuelarik. Dualismo batean kokatzen dugu ikasle/masa mugimendua Euskal Herrian, gure jardun praktikoa bi momentutan bereiziaz: inmediatoa eta mediatoa. Urgentzia berezia duten borrokak ditugu alde batetik, non kapitalak inposatu nahi digun liberalizazio ekonomikorako erreforma bakoitzari aurre egin beharrean kokatzen garen, horretarako hezkuntza mugimendu zabala eratuz eta ikasleon interes inmediatoen defentsa azken muturreraino eramanaz, beti ere luzera begira ditugun helburuak (Euskal Eskola Nazionalaren eraketa) lortzera bidean laguntzen badigute. Ikasleria borrokalaria hezi beharrean kokatzen gara beraz, masa mugimendua artikulatuz eta borrokak irabaztea daudela erakutsiz, inolaz ere ahaztu gabe egun inposatua zaigun hezkuntza (erreforma bitartez konpondu ezin duguna) etsai sozialaren ideologia aparatua dela, lanaren banaketa kapitalistan mailaketa soziala eragiteko eratua den hezkuntza. Mobilizazioa eta oro har gutxieneko ikas baldintza batzuen aldeko borrokak taktikoki ulertu behar ditugu (nahiz eta euren ezinbestekotasuna funtsezkoa den), masa mugimendu kritikoa artikulatzeari begira, inmediatoa eta mediatoa dena konektatzera bidean.

Epe laburreko borrokei garrantzia berezia ematen diegu hezkuntza ertainean, eta aldarri hauek irabazi ditzagun ezinbestekoa zaigu hezkuntza komunitate eraldatzailearekin batera lan egitea, urte konkretu honetan LOMCE-ren aurkako desobedientzia ariketak burutzeari garrantzi berezia ematen diogularik. Jakitun gara hezkuntza komunitatea funtsezkoa izango zaigula ere behar-beharrezkoa dugun hezkuntza eredu eraldatzailea artikulatzeko, plano mediatoari erantzuteko, kapitala erreformatzeko ezker mugimenduak duen ahalmena kasi-nuloa baita eta iraultzaren premia geroz eta nabariagoa.

Herritik eta herriarentzat izanen den hezkuntza irudikatzen hasiak gara unibertsitateetan, herenegungo aldarriak eredu herritarra vs kapital globalizatuaren ereduaren arteko antagonismoa erakustea baitzuen helburu. Epe luzera begira garatzen ari garen hamaika proeikturi ohiartzuna ematea genuen helburu unibertsitatean, herri unibertsitateak/eskola kolektiboak, urtez-urte indartsuagoak diren nazio zein langile boterearen eraikuntzara norabidetuak dauden proposamenak. Hala ere, autokritikarako espazioa ere ezinbestekoa zaio mugimendu iraultzaile zintzoari, unibertsitatean epe laburrekoak bezain estrategikoak diren hamaika borroka artikulatzeko izaten ari garen zailtasunei erreferentzia eginez, azken hilabetetako gertaeren gaineko mezu difuminatu/abstraktu bat zabaltzea ahalbidetzen ari dena, batik bat borroka moldeen gainean baina baita eduki/helburu estrategikoen gainean ere. Halere, poztekoa da iruzur mediatiko, instituzional zein polizialen gainetik izan genuen moblizazio ahalmena, unibertsitatera bertaratu zen ikasle kopurua minimoa izan zelarik, eta mobilizazioetara batu zena berriz, handia.

Ikasketa ezberdinak atera ditzakegu greba egunetik, baina oro har guztia mezu orokor batean bildu dezakegu: Garai kritiko batean murgilduta gaudela, non ikasleriaren haserrea zein eguneroko miseriaren aurrean bizi duen errepultsa sentimentala ikaragarria den. Ikasle mugimenduak badugu zer egina beraz, elitizazio saiakeren aurrean hortzak erakustea eta ahalmen propositibo/eraikitzailea ere badugula frogatzea, emanak zaizkigun forma desitxuratuen gainetik langile norbanako zein kolektiboaren aldean egonen diren forma berriak posible direla erakutsiz, egun erreala dena gaindituz.

Ikasturtearen amaieran kokatzen gara, eta herenegun zein asteazkenean (hezkuntza ertaineko irakaslegoaren partetik) eman ziren muskulu erakustaldiek aditzera ematen digute badela indar nahikoa Euskal Herrian LOMCE desobeditzeko, D.B.H.ko laugarren mailan burutuko diren errebalidak deuseztatzeko. Euskal Herrian Hezkuntza Propioaren alde lerrokatzen garen eragileok batu beharrean gaude Madrildik datorren erreforma basati honen aurrean, eta ikasturte amaierara bitarte desobedientziaren bidean batuko gara, ez baitiogu utziko kapitalari metro bat ere aurrera egiten gure oposizio gogorrena erakutsi gabe.

Azkenik, gure eskerrik beroena adierazten diogu ikasle mugimenduari/azken egunetako mobilizazioei babesa adierazi diozuen herri mugimenduko kide/eragile zein herritar orori, guztion artean eraikiko baitugu Euskal Herrian nazio/klase zapalkuntzak gaindituko dituen hezkuntza eredua, eraldaketa ororen motorra izanen dena/ari dena izaten.

Hezkuntza herritik eta herriarentzat!

Print Friendly, PDF & Email
Share This