Benetako negoziaren alde,LAN HITZARMEN ORAIN!

Tamaño Texto-+=
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko eskatzen diegu

Aldi berean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako 4 greba egunak babestera animatzen ditugu, bihar bertan goizeko 11.30etan Bilboko Jesusen Bihotzetik aterako den manifestazioan parte hartzetik hasita

EAEko Gizarte Ekimeneko langileok gure Lan Hitzarmenaren eta lan baldintzen aldeko borrokan  daramagu 2010 urtetik geroztik. Orduan, sektoreko patronalek erabakitako murrizketak pairatu genituen lehendabizi, eta ondoren 2009ko gure Lan Hitzarmena aplikatzeari utzi nahi izan zioten.  Beharrezkoa izan zen mobilizazio eta greba dinamika garrantzitsu bat eta epaitegien babesa hemengo Lan Hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko.

Ordutik, Lan Hitzarmena berritu gabe gaude sektore honetan, 10 urte Lan Hitzarmena eguneratu gabe, %10etik gorako eroste-ahalmenaren galera metatuta jasaten. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza berrikuntza langileon kontura joan da lan kargak handituz jasanezinak izateraino. Emakume aurpegia duten, eta lan baldintza kaxkarrenak dituzten bi kolektiboen lan baldintzak hobetzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da: Hezkuntza Laguntzako Espezialista gehienek lanaldi partzialak izanik asko ez dira 1.000 €ko soldatetara iristen, Haur Hezkuntzako lehengo zikloko Langileak gainerako irakasleekin alderatuta 300 ordu gehiagoko lanaldiak dituzte, kolektibo hauei ez zaie ordu osagarririk bermatzen, ez eta heziketa izaera aitortzen ere. Gelen itxiera aurreikusgarria izanik, lanpostuak bermatzeko birkokapen akordio bat erdiestea garrantzistua da, baita Administrazio eta Zerbitzuetako langileen lanaldia murriztu eta Lanbide Heziketakoa modu adostuan banatzea ere.

2017ko Azarorarte hamaika aldiz bildu ginen sindikatuok patronalekin. Sindikatuok,  bakoitzak aurkeztuta genituen hasierako plataformetako edukiak moldatu eta ahalegin nabarmena egin genuen gutxiengo aldarrikapenak jasotzen dituen plataforma bateratu bat aurkezteko. Baina patronalak beraien hasierako planteamenduetatik mugitzen ez zirenez, mahaiko parte hartzea eten eta mobilizazio eta greba bideari ekin beste biderik ez ziguten utzi. Hainbat elkarretaratze, manifestazio eta ekintza ondoren, lehendabiziko greba eguna martxoak 20an deitu genuen. Ondoren Maiatzak 15 eta 16koak etorri ziren, eta azkenak Urriak 9 eta 10ekoak izan dira. Greba hauek eta antolatutako ekintza guztiek langileen babes zabala jaso dute, 9.000 langile inguruko kolektibo bat izanik, 5.000 langiletik gora bildu baitira antolatu ditugun manifestazio eta ekintza ugarietan.

Patronalak ordea ez dira dagokien arduraz erantzuteko gai izaten ari. Greba dinamika hasi genuenetik, bi proposamen helarazi dizkigute, biak jadanik 5 greba egun egin ondoren, eta Azarorako aurreikusita eta publiko eginda  geneuzkan lau greba egunen bezperan. Lehenengoa Azaroak 16ko mahai negoziatzailekoa eta bigarrena Azaroak 21 arratsaldez posta bidez helarazitakoa. Bi proposamen hauek 2017ko Azaroan egindako proposamenarekiko aurrerapauso aipagarririk ez daukate, eta sindikatuok adostutako gutxieneko plataforma bateratuan jasotzen diren aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen dute.

Azken asteotan argitara eman ditugun oharretan, sindikatuok argi esan dugu, 5 greba egun ondoren patronalak mugiarazi  ditugula, proposamenak egitera behartuak ikusi direla. Baita ozen adierazi ere proposamen horiek eduki esanguratsu gutxi dituztela, eta ez dugula ontzat emango edukirik gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko helburua duten jokamolderik.

Gure helburuak argiak dira eta ez dute inolako asmo ezkuturik. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.  Ez da  onargarria hezkuntza proiektu bat langileen lan baldintzen prekarizazioaren kontura eta hezkuntzaren kalitatearen kontura  aurrera atera nahi izatea.

Hori dela eta, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei, beraien langileen lan baldintzekiko duten ardura bere gain hartu, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko eskatzen diegu.

Aldi berean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako 4 greba egunak babestera animatzen ditugu.

Euskal Herrian 2018ko Azaroak 26an.

Print Friendly, PDF & Email
Share This