EUSKAL HERRIA IRAILAK 27: KONTSUMO-, IKASLE- ETA LANGILE-GREBA *

Tamaño Texto-+=

Itxaso Apraiz |                                                                                                                                    Euskal Herrian irailaren 20ko asterako Fridays For Future-ek (FFF) deituriko mobilizazioak irailak 27rako iragarritako greba-jardunaldiarekin bukatuko dira. Zehazki, langile-, ikasle- eta kontsumo-greba iragarri dira. Azken hile hauetan “Mundu Greba” hitzek (ingelerako “Global Strike”etik itzulpen zuzena) nahasmendua sortu dute. Horren aurrean eta Klima Larrialdirako Bizkaiko Aliantzan batzen diren talde desberdinek bultzatuta, ESK eta Steilas sindikatuek modu bateratuan irailak 27rako Greba Orokorrerako oharra erregistratu dute bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai eta Nafarroan ere.

Azken bi urteotan lan-gatazken eta gatazka-sozialen ondorioz greba eta mobilizazio kopurua handituz joan da Euskal Herrian, eta krisi klimatikoaren aurkako greba hau datozen hamarkadetan pairatuko ditugun gatazken bezpera izan liteke. Izan ere, gure ekodependentzia eta interdependentzia gero eta nabariagoak izango dira planetaren muga biofisikoak gainditzen eta gure biziraupenerako baldintza materialak agortzen doazen heinean.

Euskal Herriko EAJ-PSEk gobernatutako hainbat udalbatzetan klima-larrialdiko adierazpen-mozioak atzera bota diren bitartean larrialdirik ez dagoenaren aitzakiapean, hauek gobernatutako Eusko Jaurlaritza hotsandiko klima-larrialdiko adierazpena prestatzen ibili da, laster asko eta era zabalean uda partean komunikabideetan jakitera eman dutena. Euskal Herriko gobernuen eta Aldundien jarrera hipokrita da baina, ez bait dute ezer egiten Espainiar estatuko petrolio findegirik handiena eta kutsakorrena (Petronor, Muskiz) zarratzeko, AHTren eta Bilboko Super Sur autopistaren eraikuntza sustatzen jarraitzen dute, hala nola autopista elektrikoena bai lurretik (Güeñes-Itsaso) bai eta itsasotik ere (Gatika-Bordel), errauskailuei (Zubieta, Zabalgarbi) segida eman behar zaiela sinisten dute, entrepresa pribatuei hidrokarburo-prospekzioak egiteko baimenak ematen jarraitzen dute, eta abar.

Nazioarte-mailan, herrialde askotan greba irailak 20an burutuko da, justu Nazio Batuen Erakundeak antolatutako “2019ko Ekintza Klimatikoaren Goi bilera” baino lehen. Espainiar estatuan baina, goi bileraren ondoren izango da, 27an hain zuzen ere. “Irabazi dezakegun lasterketa” goiburupean, NBEak “gazteria konprometitu eta mobilizatuari” keinua egin nahi diola dirudi, gazteria goi bileraren “bete-beteko eta ordezkaturiko alderdi” eginez eta “alderdi gako eta garrantzitsua” direla esanez. Ordea, NBEak modu irekian aditzera ematen ez duena da gazteriak benetan zelako pisua izango duen bertan eztabaidatuko diren sei eraldaketa-lerroen inguruan erabakiak hartzeko orduan.

Baina gazteria ez da ergela eta badaki bere etorkizuna datorren hamarkadan erabakitzen dela. Horrexegatik gazteria antolatzen ari da, eta antolatzen doan heinean sistema kapitalista patriarkal predatzaile honek eragindako arazo ekosozialaren larritasunaz kontzientzia hartzen doa. Adibidez, Bilbo eta Iruñean FFF aste osorako hainbat ekintza eta mobilizazio antolatzen ari da bai gazte zein ez hain gazteentzako: kontsumismoaren inguruko asanblada-eztabaida, biosferaren mugen inguruko hitzaldia, fast-fashionaren tailerra, plastiko kontsumorik gabeko ekintza ugari, hondakinen talde-bilketa, bizikleta-martxa, kontzertuak, bideo-proiekzioak, eta abar.

Aste honetan, NBEaren goi bileran hartutako erabakien zain ere egongo gara, ikusteko benetan gehiengoak “irabazi dezakegun lasterketa” ote den edo guretzako oztopo-lasterketa bat izaten jarraituko duen. Oztopo-lasterketa bat non elite ekonomikoek beraien azken teknologia ultra-fastdun zapatila onenak ateratzeko baliatuko diren. Gu oinutsik goaz eta lasterketa hau irabazi nahi dugu.

Irailak 20-27 honetan gure gazteriaren alboan kalean elkar ikusiko dugu!

*Jatorrizko artikuloa Poder Popularretik atarata.

Itxaso Apraiz, Antikapitalistak Euskal Herria.

Print Friendly, PDF & Email
Share This