Antolakuntza deszentralizatuak Euskal Herriko txoko guztietara eraman du M8-ko greba, baita ikaragarrizko lana ekarri ere. Sareak ehuntzeko lana deszentralizazio horrek sakabanatu beharrean gu guztiok indartsuago egin gintzan
Julia Marti
(FEMINISTALDE ETA OMAL-EKO KIDEA)

Historia egitea nekagarria da oso”, zioen lagun batek, eta ederki laburbiltzen du esaldi horrek pasa den martxoaren 8an eta aurreko hilabeteetan bizi genuena. Behetik abiatuz eraiki dugu greba bat, auzo nahiz herrietan sustraitu dena, gu guztion egunerokoan lurrikara txikiak sortzeko gai dena; nazioarteko mobilizazio masiboa lortu dugu aldi berean, berriro ere agenda politikoa astindu duena. Agerikoa da greba feministaren arrakasta; “historia egin dugu beste behin ere”, entzun dugu sarritan manifestazio erraldoien ondoren. Nola neurtu, baina, greba feminista baten arrakasta? Non geratzen da bizitzaren iraunkortasuna prozesu honetan?

Sormen ariketa erraldoia izan da grebaren eraikuntza. Denon artean pentsatu dugu ekimen hau nola burutu. Komite zentralik gabe, aurretik zehaztutako bide-orririk gabe, galdera ugari sortu dira bidean: nola gelditu gure lanean? zer esan nahi du niretzat zaintzeari uzteak? nola lortu greba hau guzti-guztiona izatea? nola antolatu eskualde mailan? nola jokatu hedabideekin? Orain, aje emozionala atzean utzita, arrakastaz jabetzea eta balantze feminista egitea dagokigu, sormen berdina baliatuz. Beharrezkoa da ekimenaren izaera masiboa eta milioika emakume deitzeko gaitasuna balioestea, baina zenbakiekin itsutu gabe, prozesuei erreparatuz, akatsetatik eta asmatzeetatik ikasiz.

Asmatzeetatik hasita, garrantzitsua da argazkietan ikusten ez den hori agerian jartzea: bilera, koordinatzaile eta talde feministen luzaroko lana, martxoaren 8a, masiboa ez ezik, guztiona izan zedin. Mugimenduaren deszentralizazioa urrats erraldoia izan da norabide horretan. Euskal Herriko txoko guztietara eraman du greba deszentralizazio horrek, baita ikaragarrizko lana ekarri ere; sareak ehuntzeko lana batez ere, deszentralizazio horrek sakabanatu beharrean gu guztiok indartsuago egin gintzan.

“Garrantzitsua da argazkietan ikusten ez den hori agerian jartzea: bilera, koordinatzaile eta talde feministen luzaroko lana, martxoaren 8a, masiboa ez ezik, guztiona izan zedin.

Martxoaren 8 honek, gainera, mugimendu feminista eraikitzen lagundu digu: subjektu plurala, askotarikoa eta bukatu gabea. Goiburuarekin arriskatu, eta “emakume, bollera eta trans” guztiei dei eginez heteronormatibitatea gogor salatu genuen. Sarritan goiburu horren esanahia azaldu behar izan dugu, bai (“bollera” hitza nahiko “bortitza” ei da, adiskide batek bilera batean zioen bezala); baina, sare sozialetan eta bestelako eremuetan sortu diren eztabaida biziak ikusita, uste dut Euskal Herriko Mugimendu Feministak erabat asmatu duela aniztasunaren aldeko hain apustu garbia eginda.

Goiburuaz haratago joan gara, baina. Grebaren aurreko hilabeteetan ahalegin handiak egin dira mugimendua zabaltzen eta indartzen jarraitzeko. Ez dago errezeta magikorik; pluraltasuna ez da egun batetik bestera lortzen, gatazka, eztabaida eta sormena oinarri hartuta baizik. Oinarrizkoak izan dira ardatzen lana, aldarrikapenen lanketa kolektiboa eta bozeramaile lana kolektiboki eraikitzeko esfortzua, mugimenduaren izaera aldeaniztuna agerrarazi baitute ekimen horiek guztiek.

Programa zen martxoaren 8 honen beste erronketako bat. Nola baliatu grebaren izaera masiboa aldaketa errealak erdiesteko? Nola ekidin feminismoaren kooptazioa? Nola borrokatu zuriketa morearen aurka? Hemen ere, beharrezkoa da gure azterketan azken emaitzak ez ezik (emaitza etsigarriak seguruenik, hedabideen agenda adierazpen alderdikoiek bete zutela ikusita) prozesuak ere aintzat hartzea. Horregatik guztiarengatik, berebiziko lehen urratsa izan da programa feminista erradikal bat eraikitzea, zeinak mugimenduaren izaera antiarrazista, ekologista eta antikapitalista zehaztu baituen aldarrikapen zehatzen bidez. Datozen Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan jarraipena emango diogu lan horri.

“Berebiziko lehen urratsa izan da programa feminista erradikal bat eraikitzea, zeinak mugimenduaren izaera antiarrazista, ekologista eta antikapitalista zehaztu baituen aldarrikapen zehatzen bidez.

Azkenik, greba feministaren indarrak mugimenduaren oinarriak ere astindu ditu. Batzar bidezko antolaketak aire berria ekarri dio mugimendu feministari, militante berriak, forma berriak eta nazioarteko borroka ugariren erreferentziak ekarri baitizkigu. Aldi berean, argi erakutsi digu izaera masibo horrek konpromiso eta lan kolektibo handiagoa eskatzen duela, hainbeste kritikatu ditugun militantzia sakrifikatuak eta militantzia likidoak ez errepikatzeko. Geure indarra antzeman dugu; indarraz jabetu eta potentzia hori eraldaketa erreal bihurtzea dagokigu orain. Erradikaltasuna eta izaera masiboa, internazionalismoa eta egunerokotasuna; gai izango al gara horiek guztiak uztartzen dituen mugimendua eraikitzeko?