ERREKALEOR, BIZIRIK!

Tamaño Texto-+=
XX. mendeko 50. hamarkadan, Gasteizko industri hazkundeak langile ugari erakarri zituen, bai ingurukoak baina baita espainiar estatuko hainbat tokietakoak ere. Biztanleriaren igoera honek etxebizitza eskaria areagotzea ekarri zuen eta horrela izan zen nola hiriaren kanpoaldean, hegoaldean, garatu zen Errekaleor langile auzoa, bertatik pasatzen zen erreka txikitik izena hartuz. Auzoaren hazkundea industriaren hazkundearekiko proportzionala izan zen, 192 etxebizitza eraikitzera helduz, 2 portaleko 16 bloketan banaturik, 1200 pertsona inguruko biztanleriaz. Langile tradizioko auzoa betidanik, hango auzokidea zen Romualdo Barroso, 1979-ko Gasteizko grebetan errepresio polizialaren ondorioz herailitako langilea.

2001 eta 2002 urteen tartean, Maroto popularra alkate zelarik, Gasteizko udalak Salburua eta Zabalganako proiektu eta promozio inmobiliarioak sustatu eta erabakitzen ditu Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean, praktikan Errekaleor auzoko zati handi bat eraisteko agindua finkatuz. 2005-ean etxebizitzen eraistea eta auzokideen birkokapena lege bilakatzen da udalaren bidez. Urte bat beranduago, auzoan mantendu nahi zuten egoiliarrek, “Errekaleorko Kaltetuen Plataforma” osatzen dute 70 pertsona baino gehiagoko asanbladan. Guztira 192-tik 43 familiek ezezkoa ematen diote Gasteizko udalari. Gaia epailetara eramaten dute eta bertan garaile irtetzen dira, udalari Plan Orokorra aldatzera behartuz, 2007-an.

Bitartean, administrazioa familiei mehatxu eta presioa egiten aritu zen, poliki-poliki helburua lortuz eta 2010-ko Urtarrilean desjabetze prozedura martxan jartzen du, birkokatzeaz ados ez zeuden 35 familiak kanporatzeko. Hala ere proiektua geldirik geratzen da, burbuila inmobiliarioaren eztanda udal kontuetan eragiten hasten bait da. Proiektua etenda mantentzen da urte pare batzuetan eta auzoa abandonu egoeran murgiltzen hasten da. 2013-rako oso familia gutxi geratzen dira. Azkenik 2016-ko Martxoan, azken desjabetzeak aurrera eramaten dira, guzti hau Euskadiko Justizia Gorenaren sententzia erabaki gabe dagoen bitartean.

Baina urte batzuk lehenago, 2013-ko Irailean, Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitate-ko 10 ikaslek, Errekaleor auzoko 26. zenbakia okupatzen dute, gelditzen diren auzokideen adostasunarekin. Ikasle hauen xedea autogestio esperientzia bati ekitea da eta denbora aurrera dihoala hainbat gizarte eragile, gazte eta ikasle mugimenduen laguntzarekin, Errekaleor Bizirik eratzen dute; auzoa ustu zuen espekulazio inmobiliarioa eta gazteek etxebizitza bat izateko ezintasunaren aurkako mugimendua.

Hasiera batean, lehen esku-hartzeak etxebizitzen berreskuratze eta konponketan zentratzen dira, oinarrizko zerbitzuak gutxika martxan jartzen diren bitartean. Baina denbora bat igaro ondoren bizitza eredu berri baten deialdia sentituz heltzen hasi ziren gero eta biztanle gehiagoren lan kolektiboaz, auzoaren autogestioa errealitate bilakatu zuten: frontoia konpondu eta martxan jarri, elikatze jasangarri eta subiranoa izateko ortuak landatu eta oilategiak eraiki, okindegia, umeentzat umezaintza, auzoa kolorez josi muralak margotuz, auzokide guztientzako liburutegia eta inprenta antolatu, zinema bat zabaldu, programa kultural anitza osatu… guzti honen kudeaketa asanblada orokorretan adostuz, lantaldeak era demokratikoan erabakiz. 150 inguruko pertsona talde anitza: gazte eta ikasleak asko, seme alabak dituzten 4 familia, unibertsitateko irakasle sorta bat, irrati esatariren bat, langabeak, iturginak, erretiratuak… denok sistema kapitalistatik at, autogestioa ardatz, bizitzako eremu guztien garapen kolektibo propioaren aldarrikapenarekin batera, arlo ezberdinen desmerkantilizazio prozesuan diharduten proiektuen grinaz. Azken hamarkadetako estatu mailako erreferentzi bilakatu den esperientza da Errekaleor Bizirik, honek dakarren ilusio, baina baita erronka eta eragozpenekin.

Horrelako esperientziek sarritan aurkitzen dituzte etsaiak, instituzioetan batez ere. Eta kasu hau ez da eszepzio, udal gobernu popularra izan bazen ere auzoa eraisteko proiektua martxan jarri zuena, orain alkate den Urtaran eta bere alderdiak, PNV-k, ez dute historial hobeagorik eredu aniztasunari dagokionez. Ez da ahaztu behar bai Rekaldeko auzoan (Bilbo) zegoen Kukutza gaztetxea 2011 urtean eta baita Groseko (Donosti) Kortxoenea gaztetxea 2015-ean PNV-ren gobernuek eraitsi zituztela. Bizitza eta kudeaketa eredu alternatiboak bultzatzen dituzten esparruak ez dira bat ere jeltzaleen lagunak, are gutxiago negozio inmobiliarioak oztopatzen dituztenean.

2014-en hasi ziren ikasle gazteen aurkako lehen erasoak eta etengabe jardun dira egun hortatik: indarrezko desjabetzeak, argindar eteteak, konpondu eta berreskuratutako frontoia hesitzea… Etxebizitzek segurtasun parametroak ez dituztela betetzen argudiatzen du Gasteizko udalak, Errekaleor Bizirik-eko kideen segurtasuna ezin dela bermatu. Alkatearekin ere bildu ziren eta honek lekuz aldatzeko esan zien, Aretxabaleta auzora. Errekaleor Bizirik-en asanbladaren erantzuna garbia izan zen: proiektuaren oinarria auzoa berpiztea zen, instituzioek bermatzen ez eta askotan erasotzen dituzten eskubideak praktika bilakatzea. Errekaleor Bizirik-ek Errekaleorren zuen zentzua.

Udalaren erantzuna presio eta errepresio herramintak berriz abiaraztea izan zen. PNV eta PSE-ren gobernuak, popularren laguntzaz, eraiste prozedurari hasiera ematea erabaki zuen, EHBildu, Podemos eta Irabaziren oposaketarekin. Zaintza poliziala aregotu eta mehatxu eta erasoen maiztasunak gora egin zuen. 2017-ko Maiatzaren 18-an, udal gobernu eta Jaurlaritzaren agindupean, Iberdrolako teknikariak istiluen aurkako ertzain eta udaltzaingoekin auzoan sartu ziren, argindarra etenez eta 3 auzokide atxilotuz. Etena lortu zuten, baina benetako helburua, Errekaleor Bizirik-en irtenaraztea, ez zuten burutu auzokide eta kanpotar batzuen laguntza eta babesari esker. Eraso honi erantzuteko, auzokideek deialdi bat zabaldu zioten gizarteari, manifestaldira deituz Ekainaren 3-an Gasteizen. Milaka pertsonek erantzun zuten, Euskal Herriko eta baita estatu eta beste herrialdetako jende ugari elkartu ziren, Errekaleor auzoko biztanleen aldarrikapenekin bat eginez, “Guk Argi Daukagu” lemapean.

Gaur egun egoera pil-pilean dago. Errekaleor Bizirik-eko 150 auzokideek, apustua igo dute. Argindarra eten zaie eta erronka horri aurre egiteko crowdfunding-a martxan jarri dute, eguzki plakak ezarri eta etengabeko energia berriztagarriaz hornitzeko. Hamabost egunero elkartzen dira asanbladan eta lan taldetan banatuz proiektu berriak prestatzeko asmoa daukate, esperientzia zabaldu eta areagotuz. Historia hurbilean estatu mailan izandako autogestio esperientzi handienak ez dauka etsitzeko inongo gogorik. Beste aldean, negozio inmobiliario eta pribatuen mesedetan kudeatzen duten morroiek, eman dute agindua; Uztailak 14-an bukatzen da epea enpresek eraiste proiektuak aurkezteko, 500000 eurotako prezioan. Estatu mailan, inoiz ez da eman 100 etxebizitza baino gehiagoren kanporatze eta eraisketa, baina batzuen diru grinak ez du mugarik.

Igor Urizar Murgoitio, Antikapitalistak-eko militante.

Share This