ELAk igande eta jaiegunetan irekitzearen aurka dauden eragile guztiak batera mobilizatzeko deia egin du

Tamaño Texto-+=

( TOMADO DE https://www.ela.eus/)
2021. urtea atzerapauso larria izango da igande eta jaiegunetako merkataritza-irekierei dagokienez; izan ere, CENen hori adostu zen eta Nafarroako Gobernuak ontzat eman du aurten arte ohikoa zena baino jaiegun bat gehiago irekitzea. Ohiko “interes komertzialeko” 5 jaiegunez gain, uztaileko lehen igandean beste seigarren jaiegun bat gehitu da.

ELAk Nafarroako Gobernuak gai honetan jokatzen duen papera salatzen du. Aurten ere patronalaren notario lanak egin ditu: CENek erabakitzen du zenbat igande eta jaiegun ireki, eta Nafarroako Gobernuak baimena ematen du sindikatuekin inolako kontrasterik ere egin gabe.

ELAk Nafarroako Gobernuari exijitzen dio ez dezala Estatuko lege-esparrura jo bere jarrera zuritzeko. Gobernuak argitu behar du igandeetan eta jaiegunetan irekitzearen alde dagoen ala ez. Hau da, azalera handiei bakarrik mesede egiten dien eta merkataritzan lan egiten dutenen lan-baldintzen eta kontziliazioaren kaltetan dagoen neurri honen alde dagoen. Aurka badago, ez da ulergarria araudiaren aldaketa ez eskatzea eta Nafarroak gai horretan dituen eskumenak erabiltzea.

Merkataritza sektorean, langile bakoitzak 270 egun baino gehiago lan egiten dituzte urtean, eta asteko atseden-egun bakarra izaten dute. Erabaki hauekin, lan-egutegi arrazionalagoetara bideratu beharrean, enpresa-erabakiak ontzat ematen ari da Gobernua.

ELAk dei egin die igandeetan eta jaiegunetan irekitzearen aurka daudela dioten enpresariei, euren aliantzak berrikus ditzaten. Agente horien interesa 0 irekieretarantz bideratzea bada, igande eta jaiegun guztiak irekiko luketenekin aliatzea (baimena duten lekuetan hala egiten dutelako), ez dirudi egokiena.

Irekiera horiek benetan murrizteko, ezinbestekoa da enpresa handiak ixtera behartuko dituzten mobilizazio orokorrak egin ahal izateko aliantza zabalak antolatzea. ELAk duela hilabete batzuk mahai gainean jarri zuen igande eta jaiegunak baliogabetzat jotzeko esparru-akordioa. Hitzarmen kolektiboaren efikazia duen akordio bat, sektorearen % 100 behartzeko gai izango dena, baldin eta enpresa-alderdian behar besteko legitimitatea badu.

ELA, beti bezala, merkataritza sektorean igande eta jaiegunetan 0 irekiera egitearen aldekoa da, bertan lan egiten dutenei kalte egiten dielako. Benetako eskaerarik ez dagoen eta enpresa handien interesari soilik erantzuten dion irekierak guztiz alferrikakoak dira. Beraz, sektorean gero eta ezinbestekoa den mobilizazio horren alde lan egiteko deia egiten du ELAk.

Print Friendly, PDF & Email
Share This