ELA: “Inoiz ere ez da egon aurrekontu sozialak izateko aukerarik”

Tamaño Texto-+=
EH Bilduri “gizartea nahastu” izana egotzi dio sindikatuak, “negoziazioan sartzeko prest” egoteagatik.

                     (Via Berria)

      ELAk agerraldi bat egin du gaur goizean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako 2019rako aurrekontuen eztabaidari buruzko balorazioa egiteko. Sindikatuko Azterketa Bulegoko arduradun Mikel Novalek azaldu duenez, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak “ez zien biztanleen beharrei erantzuten”, eta, beraz, “ezinezkoa” zen aurrekontu “sozialak” izatea: “Eusko Jaurlaritzak Rajoyri agindu zion 2019ko aurrekontuaren hazkundea ez zela %2,7 baino handiagoa izango termino nominaletan (gastu araua). Hortaz, hortik abiatuta ez zegoen ezer egiterik”.

Novalen hitzetan, Jaurlaritzak aurkeztutako proiektuak “konpromiso hori zehatz mehatz” betetzen zuen, Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak berak esan baitzuen “gastu araua ezinbestean bete beharrekoa” zela. ELAren ustez, gastu arauak eragiten du “publikoa den oroko progresiboki pisua galtzea ekonomian” eta “sail sozialak behar bezala hornitzea saihestea eta murrizketak justifikatzea”, besteak beste.

Jaurlaritza EH Bildurekin aritu zen negoziatzen, baina ados jarri ez, eta erretiratu egin zuen aurrekontu proiektua. Hortaz, 2018ko kontuak luzatuko ditu Jaurlaritzak datorren urterako.

Hain justu, EH Bildurekin kritiko agertu da Noval, aurrekontuak negoziatzeko prest agertzeagatik. “Gizartea nahastea” eta “aurrekontu sozial baten akordioa posible zenaren ideia faltsua” zabaltzea leporatu dio: “Ez zegoen akordio sozial baterako baldintzarik. Eusko Jaurlaritzak ez du momentu baten ere erakutsi borondaterik pentsioen gaiari ekiteko”. Izan ere, Novalen esanetan, Jaurlaritzak “argi” utzi du 2019rako bere ildoa “erabat neoliberala” dela.

Koalizio subiranistaren “kezka nagusia errelatoa” izan dela erantsi du Novalek: “EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu ildoarekin ez konfrontatzea erabaki du, hain beharrezkoa den gastu arauaren haustura planteatzea ahaztuz eta diru bilketa handituko duen erreforma fiskal progresista baten exijentzia alde batera utziz”.

Print Friendly, PDF & Email
Share This