( Tomado de Berria)

80 herritar baino gehiago batu dira Orain Presoak dinamikara. Iruñean, irainka hartu dituzte ‘Begirada bat barrutik’ egitasmoko parte hartzaileak
Laura Perez eta Jose Ramon Urtasun, ziega bat irudikatu duten gunean.
Laura Perez eta Jose Ramon Urtasun, ziega bat irudikatu duten gunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU 
2018ko abenduak 30

Euskal presoen eskubideen alde «orain» egin behar delakoan, alor ugaritan diharduten Arabako 80tik gora herritarrek atxikimendua adierazi diote Orain Presoak dinamikari, eta dei egin dute urtarrilaren 12an Baionan eta Bilbon egingo dituzten manifestazioetara joatera. Atzo Gasteizen eginiko agerraldi batean ohartarazi zutenez, «prozesuaren abiadura aldatu beharra» dago, «guztientzat ona izanen den bakea eraiki» dadin: «Milaka eta milaka bilduko gara Bilbon eta Baionan, Madrili eta Parisi esateko bake justu eta iraunkor baten baldintzak ez direla oraindik bete». Sinatzaileen artean daude Mikel Urdangarin kantaria, Zuriñe Rodriguez kazetaria, Adolfo Muñoz Txiki ELA sindikatuko idazkari nagusia, Arantza Vazquez LABeko kidea, Cesar Manzanos soziologoa, Garazi Arrula idazlea eta Irantzu Lekue artista, besteak beste.

Ane Guevara ipuin kontalariak eta Juan Ibarrondo idazleak hartu zuten hitza agerraldian. «Bakegintzaren eta elkarbizitzaren bidean», uste dute presoen egoerari heldu behar zaiola, eta, nahiz eta «giltza nagusia» Espainiako eta Frantziako gobernuen esku egon, gizarte zibilak ere baduela egoera aldatzeko «eginkizuna». Horregatik, urtarrilaren 12ko manifestazioetara joatearen garrantzia azpimarratu dute, eta horretarako argudioak zerrendatu dituzte: «Salbuespen neurriak kendu behar dira, giza eskubide arruntak errespetatzea delako, egoera politiko berriak eskatzen duelako eta bake orokor eta integral baten oinarria delako».

Sinatzaileen iritziz, bakegintzan eta gatazkaren ondorioen konponbidean eginiko «aldebakarreko» urratsek beharrezko dute «erantzuna», bakearen «dinamika elikatzeko». Horren harira, ohartarazi dute «gaur eman behar diren pausoak ez emateak balioa kentzen ahal» diela orain arte emandakoei, eta erantsi dute «iraganaz ezer baztertu eta ahaztu gabe» egin behar dela aurrera bakegintzan: «Indarkeria guztien biktima guztiei zor diegu egia, errespetua eta aitortza. Zor diegu iragana ez errepikatzea, eta horretarako lan egitea, edozein izanik ere gure arteko desadostasunak».

Gizarte zibileko 46 herritarrek ekainean abiatu zuten Orain Presoak dinamika, eta, besteak beste, manifestazio bat egin zuten urriaren 20an, Donostian.

Tentsio uneak Iruñean

Begirada bat barrutik egitasmoa egin dute Iruñean, Sare plataformak antolatuta. Herenegun ekin zioten, eta atzo amaitu zen. Kristalezko ziega bat jarri dute Sarasate pasealekuan, urrundutako preso batek espetxean bizi duena ikusarazteko, eta bertatik igaro ziren atzo Julio Soto bertsolaria, Txema Esteban marrazkilaria, Joxerra Senar BERRIAko kazetaria, Iñigo Jurado Sortuko kidea eta Laura Perez eta Jose Ramon Urtasun Ahal Dugu-Orain Baiko kideak, besteak beste. Ostiralean bezala, Anvite ETAren Terrorismoaren Biktimen Nafarroako Elkarteak protesta egin zuen atzo Sareren egitasmoaren aurrean; tentsio uneak izan ziren, Anviteren protestako batzuk Sarek antolatutako gunera joan baitziren eta «hiltzaileak» eta «pistolarik gabe ez zarete inor» oihukatu. Bertan zeudenek presoen eskubideen aldeko aldarriekin erantzun zieten.